Osakidetza 2015eko “kanosoak” bueltatzera kondenatua

2016/06/01
ELAk Osakidetzaren aurkako demanda irabazi du Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Osakidetzak bere lan-legepeko langileei 2015eko irailean “kanosoak” bueltatu behar zizkion.

Osakidetza berriz ere kondenatua izan da inolako lege babesik gabe langileen eskubideak murrizteagatik. Osakidetzako Zuzendaritza aurkako epaiak jasotzen ari da bata bestearen atzetik, kasu gehienetan negoziaziorik gabe neurri ezberdinak aplikatzeagatik.

Kasu honetan, Osakidetza lan-legepeko langileei 2015eko antzinakotasun-egunak ez bueltatzeagatik kondenatua izan da, Espainiako Gobernuak bueltatzeko aukera ematen zuen legea onartu ondoren, eta Ertzaintza zein Justiziako langileei bueltatu ondoren.

2016an bakarrik onartu du Osakidetzak eskubide hau bueltatzea, ehunka erreklamazio izango zituela ikusi ondoren. Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren epai honek ELAk bultzatutako estrategiari arrazoi eman dio, hau da, eskubideen zapalketa honen aurrean ahal beste erreklamazio egiteko estrategiari.

ELAk dei egiten dio Osakidetzari bere langile guztiei eskubide hau bueltatzeko modua negozia dezala eta ehunka epai burutzea ekiditea, bai lan-legepeko zein langile estatutarioen aldetik. Orokorrean, Osakidetza langileen lan-baldintzak negoziatzera deitzen dugu, lan-baldintzak inposatu beharrean.

Euskal Herrian, 2016ko ekainaren 1ean