Osakidetza eta zerbitzu-eginkizunen arbitrarietatea
ELAk beti eskatu ditu mugikortasun-sistema azkarrak, irekiak eta etengabeak, langileentzat erabilgarriak plaza nahi dutenean eta nahi duten tokian finkatzeko. Arauek benetako mugikortasun bat erraztuko balute, zerbitzu-eginkizunak salbuespena izango lirateke, legean esaten den moduan.
Hala ere, Osakidetza zerbitzu-eginkizunez baliatzen da ohiko tresna gisa plaza hutsak betetzeko, arauteria oso modu interesatuan interpretatuz. Langileak horniketa arauen arabera egingo dela fidaturik daude, eta fede on horretaz baliatzen dira zuzendaritzetan.
Hala ere, esleipen batzuk modu arbitrario batez egiten dira, tokian tokiko zuzendaritzaren nahierara. Joko bikoitz horrek ez dio onik egiten langile bati ere, zeren segurtasun gabezian eta menpekotasunean uzten ditu; izan ere, zerbitzu-eginkizunak edozein unetan deuseztatu daitezke, arrazoi jakin bat eman behar izan gabe.
ELAn lanean jarraituko dugu Osakidetza behartzeko, benetako mugikortasun-sistemak abian jartzera. Baina, beti ere, berdintasunezko baremo gardenak egon behar dira, langilea babestearren, eta zuzendaritzen nahikerietatik askatzearren.
Hala ere, eta 2011-EPEko inkorporazioak direla-eta, zerbitzu-eginkizunak esleitzerakoan zentroetan egiten diren arbitrarietateak ikusita, jakin behar duzu zein diren zure eskubideak, Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Akordioan jasotakoak:
1.- Plaza hutsak hornitzeko, deialdi publiko bidez eskaini behar dira:
-
Egokitzapena/Behin betiko mugikortasun horizontala.
-
Beteko ez balira, aldi baterako barne-sustapena.
-
Beteko ez balira, zerbitzu-eginkizunetan.
Beraz, plaza hutsak ez dira betiko geratu behar zerbitzu-eginkizunetan, zentroetako zuzendaritzei komeni zaien moduan. Betetze-hurrenkeran betetzen hasi behar dira.
2.- Betekizunak:
-
Pertsonal finkoa izatea, Osakidetzako zerbitzu-antolakundeei atxikia.
-
Jarduneko zerbitzuan egotea, eta betetze-eskaria egitea.
Beraz, interesdunak, plazaz jabetu arte, ez du eskubiderik izango zerbitzu-eginkizun bat eskatzeko, eta are gutxiago zerbitzu-eginkizunetako plaza horietako bat jasotzeko.
3.- Inkorporazio berriak zerrendetan:
-
Barematzen ez diren bitartean, eskariak AURKEZPEN-DATAren arabera jarriko dira hurrenkeran, eta egun berean aurkeztu direnei ADIN HANDIAGOAren irizpidea aplikatuko zaie.
Beraz, zerbitzu-eginkizunak zerrendan lehenagotik dauden pertsonei esleitu behar zaizkie lehenengo, eta gero inkorporazio berriei, BALDIN ETA idazki bidez eskatu badute zerrendetan sartzea.
Aipaturiko irizpide horiek guztiak jarraitu behar dira, eta zure zentroko zuzendaritzak bestelako deia egiten badu, ERREKLAMATU zure eskubidea, kontaiguzu zure kasua, eta lagunduko dizugu.