Osakidetza ez da kaltetua baizik eta bultzatzaile EPEan izandako irregulartasun larrietan

2019/05/08
Fiskaltzak, bere txostenean dio irregulartasunetan Osakidetzako zuzendaritza erabakigarria izan dela.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak baieztatu du Osakidetza dela EPEan gertatutakoa argitzeko interes gehien daukana eta hori dela eta, Osakidetza kaltetua izan behar dela prozedura juridikoan.

Hala ere, gertatutako guztia ikertzen badugu, argi ikusi dezakegu planteamendu horiek ez datozela bat errealitatearekin:

  • Osakidetzak beti ukatu izan ditu irregulartasunak eta ez du inoiz gertatutakoa argitzeko eta benetako ikerketa bat egiteko borondaterik izan. Jarrera hori ikusita eta gertatutakoaren larritasunaren aurrean, 2018ko ekainean salaketa aurkeztu genuen EAEko Fiskaltza Nagusian.

    Bada, Fiskaltzak egindako diligentzien arabera delitu zantzuak daude, sekretu ezagutarazte delitukoak, eta Fiskaltzak dio irregulartasunetan giltzarria Osakidetzako Zuzendaritza izan dela. Giza-Baliabidetako Zuzendaria eta Zuzendariordea eta Osasun-Arretako Zuzendaria aipatzen ditu.

  • EPE honetan gertatutakoa ez da fenomeno bakana, baizik eta sistema ustel baten beste adibide bat eta honen ardura hainbat zerbitzubururena da, Osakidetzako Zuzendaritzaren erabateko babesarekin.

  • Planteamendu honekin Osakidetzak adierazi nahi du EPE honetan gertatutakoa pertsona konkretu batzuen ardura dela baina honen atzean dagoena da sistema ustel oso bat, Osakidetzak ezagutu eta onartzen duena.

Behingoz amaitu egin behar du sendagile espezialistak hautatzeko dagoen sistema ustel hau: aldi baterako kontratuak egiterakoan eta EPEetan; honen oinarrian dago aldi baterako enplegu maila izugarria, Osakidetzan %38 inguruan dagoena. Horrelako jarrerek Osakidetzako hainbat langileen izen ona orbantzen dute.