Osakidetza: Gabonetan gainezka

2018/01/03
ELAtik askotan salatu dugun moduan, urtean zehar Lehen Arretan sortzen diren egoerei aurre egiteko ez dago mediku nahikorik, eta Gabonetako oporrei erantzuteko, egoera muturrera heldu da, Lehen Arretaren eta ospitaletako larrialdien kolapsoa ekartzeraino.


Beste behin, Osakidetzak bizi duen prekarietate egoera muturrera heldu da Gabonetan. Zuzendaritzek, askotan, baimenak ukatu dituzte, langileek eskubidea izan arren. Hala ere, ez dago langile nahikorik Lehen Arretan zerbitzua eskaintzeko. Horren ondorioz, kolapsoa da nagusi, bai Lehen Arretan, baita ospitaletako larrialdietan ere.

Lehen Arretako zentro askotan ordutegia murriztu egin da eta Gabonetan pilatzen diren oporrak eta baimenak, kasu askotan, ez dira ordezkatu. Horri gehitu behar zaio Osakidetzak daukan egiturazko plantilla eskasa eta Lehen Arretako medikuen gabezia. Horrez gain, gripeak epidemia atalasea gainditu du egun hauetan. Hori guztia dela eta, zerbitzuak lepo egin du bai Lehen Arretan, baita EAGtan eta ospitaletako larrialdietan ere.

Gertaera horiek Gabonetan errepikatzen dira sistematikoki. Ondorioa argia da: ez da Lehen Arretarik eskaintzen, ez dugu besterik izaten larrialdi-zerbitzuen laguntza deszentralizatua baino, eta hori ere kaltetua ateratzen da Lehen Arretaren baliabide urrien eraginez.

Egoera horren oinarria mediku nahikorik ez izatea da. Profesionalen eskasia ez da ustekabeko gertaera, arduradun politikoen aurreikuspen faltagatik da. Horrelako gertaerak errepikatuko dira halabeharrez. Izan ere, prestakuntzan egiten den inbertsioak ez dio errentagarritasun politikorik ematen egin duenari (medikuek 10 urteko prestakuntza behar dute). Gauzak horrela, politikariek eraikinetan inbertitzea nahiago dute, profesionalengan baino.

Era berean, Osakidetzako langileen %40ak behin-behinekoak dira eta egoera hori ez da hobetuko zalaparta handiz aldarrikatzen dituen EPEen bitartez. Hori horrela izanda, ez dira arduratzen ezta kalitatezko kontratazio baten bidez prestaturiko profesionalak fidelizatzeaz ere. Axolagabekeria horregatik, gure gizartearen diruaz prestaturiko profesionalak atzerrira joaten ari dira lan bila.

Murrizketa horiek pribatizazioranzko pausoak dira. Adibide bat: Urdulizko ospitalean, milioitako inbertsioa egin ostean, kirofanoak itxita daude oraindik. Beste adibide bat: San Eloy Ospitalean langileek mobilizazioak bultzatu dituzte Zuzendaritzak arratsaldeko kirurgia-jarduera bertan behera uztea erabaki duelako. Beraz, 36 ohe itxi dira, guztira, %30.

ELAk egoera hori berehala konpontzeko eskatzen du. Zer gertatuko ote da datozen urteetan erretiroak ugaritzen direnean? Gabon hauetan gertatzen ari dena datorkigun Lehen Arretaren erakusgarria da.