Osakidetza kondenatu dute 47.000 euro langile bati ordaintzera, kontratazio hurrenkera urratzeagatik
Lezako Ospitaleko Pertsonalaren Zuzendaritzak arrazoi arbitrarioengatik langile bat ez kontratatzea erabaki zuen; kontratua kontratazio-poltsaren hurrenkera jarraikiz pertsona horri zegokion arren.
ELAk behin baino gehiagotan eskatu dio Osakidetzari kontratazio-poltsaren hurrenkera publikoa eta gardena izatea, horrelako gertaerak saihesteko. Oraingoz, antza, ez dute aldatzeko asmorik, eta seguru aski horrelakoak gehiagotan gertatuko dira.
Oraingo sistema iruzurrezkoa da. Zuzendaritzek berek “gomendatzen” diete langileei eta sindikatuei auzitara jotzea, prozedurak arauetan jasota egon arren. Arduradunak itzulinguruka dabiltza alderdi politiko bereko afiliatuak edo senideak entxufatzeko.
ELAk jakitera eman nahi du gure zerbitzu juridikoek epaiketak irabazten dizkiotela Osakidetzari, zuzendaritzetako “jauntxokeria eta harropuzkeriak” direla-eta, gero langileei ukatutako eskubideengatik kalteak ordaindu behar dizkiete. Azken kasu honetan kontratazio irregular bat burutzeagatik langile bati 47.000 eurotako kalteordaina eman beharko diote. ELAk Osakidetzari egoera hau sortu duten pertsonen aurka dagozkion neurriak hartu ditzala exijitzen dio.
Era berean, ELAk Osakidetzari gardentasun neurriak hartu ditzala exijitzen dio. Zuzendaritza ezberdinek Osakidetzaren iluntasuna probesten dute kontratazio irregularrak burutzeko eta administrazio publiko batean gutxieneko izan beharko liratekeen kontratazio irizpideak alboratzeko. Kontratazioan iruzur hauek ematen dira Osakidetzako Zuzendaritzak baimentzen dituelako.
ELA sindikatuak etengabe salatuko ditu irregulartasunak —aipaturikoak eta besteak—, eta bere esku dagoen guztia egingo du erabiltzaileek eta langileek kalterik ez izateko.