Osakidetza okerrera doanaren beste adibide bat da Donostialdeko ESIko krisia

ELAk urteak daramatza salatzen mahai sektoriala edukirik gabeko foroa dela, informazio hutsik emateko lekua, benetako negoziaziorik gabea. Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, gainera, zuzendaritzak jarrera inposatzailea eta aldebakarrekoa erakutsi baitu. Horregatik, Mahai Sektorialeko sindikatuek hilabeteak daramatzate foro horretan parte hartu gabe, eta beste bide batzuk aztertu dituzte irtenbide bila, hala nola Osakidetza LHKn bilera batera deitututa.
Osakidetzak, ordea, bere bide orriari eusten dio, alde sozialaren aldarrikapen bakar bat ere aintzat hartu gabe. Gainera, Mahai Sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura egiteko. Uda aurretik egindako mobilizazioei ere ez die jaramonik egin: manifestazio jendetsuak izan dira, langileek zein herritarrek masiboki erantzun dute, eta lau greba egun ere egin ziren. Osakidetzaren egiturazko arazo larrien, langileen eta herritarren nazkaren eta premiazko konponbideen beharraren isla izan dira.
Gure osasungintza publikoaren arazo handienetako bat prekarietatea da. Osakidetzak 24.000 langile baino gehiago ditu behin-behineko, eta horietatik ia 9.000k 8 urte baino gehiago daramatzate Osakidetzan lanean. Horrek aldi baterako kontratuak kateatzera eramaten ditu, urte luzez. Egoera hainbesterakoa da, ezen langile batzuk behin-behineko direla erretiratzen dira. Osakidetzak proposatu duen irtenbidea, aldiz, 3.000 plaza egonkortzeko baino ez dituen LEPa deitzea izan da. Horri gehitu behar zaizkio lanaren gainkarga sistematikoa, plantillaren eskasia, errekonozimendurik eza edo erosahalmenaren %20 inguruko galera.
Batez beste 50 urtetik gorako plantilla batean, belaunaldi erreleboa erronka da, eta Osasun Sailak ez dio heldu nahi. Are gehiago, pandemia eta profesionalen balizko eskasia erabiltzen jarraitzen du murrizketak, itxaron zerrendak edo lan prekaritatea justifikatzeko. ELAk behin eta berriz azpimarratu du profesionalak badaudela, baina lan baldintza onak falta direla. Datu objektibo batzuek frogatzen dute hori: azken hamarkadan, osasun pribatuko medikuen kopurua %69 igo da, eta Osakidetzan, berriz, %10; 2021ean, medikuek atzerrian lan egiteko eskatutako ziurtagirien kopuruaren errekorra erregistratu zen. Bitartean, osasun pribatuak bere negozioa indartzen jarraitzen du. EAEn, biztanleen %21ek baino gehiagok poliza pribatua dute dagoeneko.
Gotzone Sagardui Sailburuak uztailean esandako “kultura berri” bati buruzko hitzek aurreratzen zuten etorriko ziren neurriak eta murrizketak. Sagarduik esan zuen bazekiela erabaki horiei aurka egingo zitzaiela, baina, nolanahi ere, hartu egingo zirela beharrezko neurriak. Eta hala izaten ari da.