Osakidetzak 701 ohe itxiko ditu bi asteotan

2015/12/21
Osakidetzak 701 ohe itxiko ditu hurrengo bi asteetan. Erabaki honek Osakidetzak kontratazioa gutxitzeko duen interesari bakarrik erantzuten dio, honek kalitate okerragoko zerbitzua eragin arren.

Euskal Autonomi Erkidegoa Europan 1000 biztanleko ohe gutxien duen lurraldeen artean kokatzen da, hemen 1000 biztanleko 3,4 ohe dauzkagu, Europan 5,25 diren bitartean. Defizit hau betetzeko gure osasun sisteman 4.027 ohe gehiago izan beharko genituzke.

Hala ere, Osakidetzak oheak ixteko presioa handitzen jarraitzen du, urte osoan zehar ohe kopuru inportante bat jadanik itxita egoten da, baina egoera hau are larriagoa bihurtzen da opor garaietan.

Zehazki, Osakidetzak 701 ohe ixtea aurreikusi du hurrengo bi asteetan, Osakidetzak dauzkan oheen %13,55 hain zuzen. Itxierek Osakidetzak behin-behineko langileen bitartez ohiko langileak ordezkatzeko duen interes faltari erantzuten diote.

Egoera honek arazo larriak eragin ditzake Larrialdi zerbitzuetara joaten diren gaixoen ospitaleratzeak burutzeko edo UCIko lekualdatzeak egiteko beharrezko diren oherik ez dagoelako. Zerbitzu hauek kolapsorako arrisku handiagoa dute kontratazioan Osakidetzaren zikoizkeriaren ondorioz.

Era berean, programatutako ebakuntza kopurua asko murrizten da epealdi honetan, ondorioz, itxarote zerrendak murrizteko erabili zitezkeen instalazioak erabili gabe geratzen dira.

ELAk Osakidetzari enplegu suntsiketarekin buka dezala exijitzen dio eta langile guztiak ordezkatzea eskatzen dio, bai gaixotzen diren langileak bai deskantsurako bere eskubidea baliatzen duten langileak. Gizartea ezin da izan murrizketa erabaki hauek pairatzen dituena eta zerbitzu oker bat jasoko duena.