Osakidetzak bere langileak hartzen ditu pairatzen dituzten erasoen errudun
Ekainaren 11an Galdakaoko Ospitalean “Prebentzioa gora, arriskuak behera” lemapean Lan-Arriskuen Prebentzio Jardunaldia burutu zen. Lehen mahaian Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendariak eta Lege Aholkularitzako Zuzendariordeak parte-hartu zuten.
Zuzendaritzak jardunaldia bere burua goraipatzeko eta sindikatuen aurkako propaganda egiteko baliatu nahi izan zuen.
Jardunaldiaren parte bat Osakidetzako langileek pairatzen dituzten erasoak aztertzeko baliatu zuten. ELAk behin eta berriz eskatu du Prebentzio Batzorde Korporatiboan erasoen sakoneko kausak aztertu behar direla, “puntu beroen” mapa bat burutu behar dela eta lan-protokoloak berrikusi behar direla. Gure ustez murrizketek erasoetan ere eragina dute, tentsio egoerek baliabide faltari, itxarote denbora luzeei, pasillotan artatuak izateari eta kalitatezko zerbitzua emateko denbora faltari erantzuten baitiete. Egoera hauek errepikatzen ari dira, bereziki Ospitaleetako Larrialdi Zerbitzuetan.
Egoera horiek inolaz ere ez dute erasorik justifikatzen, baina Osakdietzak faktore horiek guztiak aztertu beharko lituzke erasoen aurkako prebentzio lan eraginkorra burutzeko.
Bestela ari da Osakidetza. Lege Aholkularitzako Zuzendariordeak burutako hitzaldian langileak bihurtu zituen pairatzen dituzten erasoen erantzule, Erasoen aurkako prebentzio lan guztia enpatian zentratu eta langileen jarreran zentratu zuen. Era berean, salaketarik ez egitea iradoki zuen behin eta berriro, “erasotzaileekin eskuzabalak” izan behar baitugu.
Era berean, ELAko prebentzio delegatu batek hitza eskatu zuen hitzaldi arranditsu horren aurrean bestelako hitzaldi bat burutzeko, baina ez zioten hitzik eman.
ELAk Osakidetzari erasoen aurkako neurri eraginkorrak inplementatzeko denbora hartu dezala exijitzen dio propaganda jardunaldiak antolatu beharrean. Horrez gain, azken urteetan eraso kopurua hazi izanaren kausak aztertzeko eskatzen diogu, horrela prebentzio plan erreal bat burutu ahal izango da eta, honen barnean, langileei tentsio egoerak gainditzeko tresnak eman ahal izango dizkiete. Azkenik, Osakidetzari bere langileak babesteko eta erasoak pairatzen dituzten langileen defendatu ditzala eskatzen diogu.