Osakidetzak bere langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen jarraitzen du

2020/04/09
Justizia Auzitegi Nagusiaren Autoa eman zenetik astebete betetzear dagoenean, langileek material-eskasia izaten jarraitzen dute, eta horri profesionalen kasu positiboak edo balizko positiboak kudeatzeko erabiltzen hasi diren irizpide ulertezinak gehitu behar zaizkio. EAEko Auzitegi Nagusiak apirilaren 3an aintzat hartu zituen ELAk eskatutako kautelazko neurriak, eta Osakidetzari eskatu zion berehala eman ziezaiola langileei babes-materiala.

Adierazpen horretatik astebete betetzear dagoenean, langileek beren segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen jarraitzen dutela, babes-materialik ez dutelako. Hala, azken 7 egunetan, Osakidetzako langile askok, lan egin behar izan dute hori egiteko babes-material egokirik izan gabe, langileen artean positiboek gora egiten jarraitzen duten bitartean (Osakidetzak eskaini duen azken datu ofizialaren arabera, 1.206 positibo izan dira langileen artean, eta 848 balizko positibo berrogeialdian, positiboekin harremanetan egoteagatik). Hona hemen errealitate horren adibide batzuk:

  • Larunbatean bertan, Autoa eman eta hurrengo egunean, Arabako ESIak ohar bat igorri zien langileei, erabilgarritasunik ezaren aurrean babes-ekipamenduak zentzuz erabiltzeko argibideak emateko. Horrela, protokoloetan adierazitakoak baino babes txikiagoa duten materialak erabiltzeko jarraibideak ematen dira, eskasia badago (maskara kirurgiko bat erabiltzea protokoloak ffp2 bat adierazten duenean, adibidez) eta, aldi berean, materialak berrerabiltzeko jarraibideak gehitzen dira. Gainera, astelehenean bertan, Txagorritxuko langile batzuei adierazi zitzaien une horretatik aurrera ez zitzaiela NBErik emango, kutsatzeko arriskurik ez zegoen ospitaleko eremu "garbi" batean zeudelako argudioa erabiliz.
  • Bilbao Basurto ESIak bere langileei ffp2 eta ffp3 maskarak gutxienez astebetez berrerabiltzeko eskatzen jarraitu du, baita maskara kirurgikoak ere, hauek apurtu edo hondatu arte. Kezkagarria da plastikozko ontzietan pilatutako hamarnaka gutun-azal ikustea, barruan maskara berrerabilgarri guztiak dituztela. Hori gutxi balitz, astelehen honetan bertan deigarria zen Basurtuko ZIUren aldageletan pilatutako hondakinen eta laneko arropen bolumena. Zalantzarik gabe, desinfekzioa eta garbiketa inoiz baino garrantzitsuagoak dira, behin eta berriz eskatu dugun moduan.
  • Txabusina iragazgaitzak oro har falta direnez, esterilizatu ondoren ere berrerabiltzen dira. Erabili eta botatzeko ekipoak dira, erabilera bakarrerako eginak, eta esterilizazio prozesuaren ondoren zein egoera tamalgarrian jasotzen diren salatu nahi dugu: mantal hautsiak, zati urtuak dituztenak, barruko ehun iragazgaitza erabat askatuta dutenak, etab. Behar bezalako bermeak eta segurtasuna eskaintzen ez duten mantalak dira.
  • Arrasateko Ospitalean, garbiketako langileek eta larrialdietako beste langile batzuek norbera babesteko ekipamendua berrerabili behar dute lan-txanda osoan, behin baino gehiagotan jarriz eta kenduz; gainera, erabilera baten eta bestearen artean ez dute uzteko leku egokirik. Praktika horrek ondorio bikoitza du: batetik, profesionalen kutsatzeko aukera biderkatzen du, ekipo kutsatu bat jarri eta kendu behar baitute; eta, bestetik, arriskuan jartzen ditu pazienteak, ekipo bera erabiltzen baita, paziente susmagarri guztiak artatzeko, eta praktika horrekin kutsa daitezke, azkenean positiboak ez zirenak.

Hori guztia gutxi balitz, langileen positiboak kudeatzeko orduan, lan prebentzioaren eta osasunaren arloan erabiltzen ari diren protokoloak eta irizpideak salatu behar ditugu:

  • Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak jarduera-irizpide batzuk ezarri ditu, eta horietan oinarrituta, oinarrizko prebentzio-unitateek, arnas klinika akutua eta eztula duen baina sukarrik ez duen profesional baten kasuan, lanera joan daitekeela jakinarazi behar diote.
  • Koronabirusagatik positibo eman duten profesionalen aurrean bagaude, Osakidetza, Osasun Ministerioaren irizpidea urratuz, jarraibideak ematen ari da langileak lanera itzul daitezen, negatiboa dela baieztatzen duen bigarren proba bat egin gabe. Hala, Bibao Basurto ESIak igorritako irizpideak honela dio hitzez hitz: "alta emateko ez da beharrezkoa PCR gehiago egitea. Sukarrik gabeko eta eztularen sintomak hobetu ondorengo 5 egunen ondoren gertatuko da.”
  • Aipatzekoa da, halaber, bigarren PCR positiboa duten profesionalei alta ematen ari zaiela, sintomak hasi zirenetik 14 egun igaro ondoren jada kutsatzeko aukerarik ez dagoela argudiatuz.

Ulertezina da, profesionalen eta herritarren osasuna babestea ezinbestekoa den egoera batean, Osakidetzak, bere plantillarekin, herritarrekin erabiltzen dituenak baino berme gutxiagoko irizpideak erabiltzea. Hala, arnas infekzio arin bat duen paziente bati, testa egin ez bazaio ere, badaezpada, sintomak hasi zirenetik 14 egunez isolamenduan egon behar duela adierazten zaie. Langileei, ordea, test positibo batekin, 5 egun igaro ondoren sintomarik gabe, lanera bidaltzen zaie bigarren test bat egin gabe; edo test positibo baten emaitzarekin, alta ematen zaie, 14 egun igaro ondoren.

Beste behin ere, azpimarratu behar dugu osasun-arloko langileek beren lana beren osasuna arriskuan jartzen ez duten segurtasun-baldintzetan egiteko eskubidea dutela, eta hori ere funtsezkoa da osasun-zerbitzua eman ahal izateko, bajek murriztutako plantilla batek herritarrei ematen zaien arreta ere arriskuan jartzen baitu.