Osakidetzak berriz ere eskubideak murriztu ditu
ELAk Osakidetzak bere langileei ematen dien tratu txarra salatu nahi du. Langile hauek 3.000 lankide kanporatzen ikusi dute, eros-ahalmena %17 jaitsi diete, lanorduak igo dizkiete, norbere gaietarako egunak kendu dizkiete, lan-kargak igo zaizkie edo behin behineko kontratazioa kendu zaie.
Orain 2011ko garapen profesional deialdia sine die eteteko erabakia hartu du. Erabaki honek Osakidetzan soldata eskala bikoitza aplikatzea dakar, mailak kontsolidaturik dauzkaten eta ez dauzkatenen artean, eta langile askori lan-baldintzak pixka bat hobetzeko itxaropena kendu die. Osakidetzako garapen profesionala diskriminatzailea da, aprobetxamendu gabeko tituluen erosketa bultzatzen du eta nagusiekiko koipekeria bultzatzen du, baina, hala ere, onartezina iruditzen zaigu eskubide berri bat modu honetan lapurtzea.
Era berean, Osakidetzak uko egin dio “kanosoen” gaian Ertzaintzan ELAk lortutako epaia aplikatzeari. Erabaki hau, orain arte, oinarrizko legediak behartzen zuelako aitzakiarekin hartu dute, baina Bilboko epaitegiak eman dien aukeraren aurrean argi dago sakoneko arazoa, lehen eta orain, borondate politiko falta izan dela murrizketak ez aplikatzeko.
Horrez gain, behin behineko kontratazioarekin dagoen zalantzaren aurrean, oraindik orain Osakidetzak ez du argitu ze kontratazio irizpide aplikatuko duen. Osakidetzak orain arteko irizpideak aldatzeko aukera zabaldu du sindikatuen gehiengoaren babesa izanez gero. ELAk argi esan du sakoneko arazoa enplegu suntsiketa dela, ez duela kontratazio irizpiderik aldatuko EPEa burutu ondoren eta Osakidetzari dei egin dio EPE berri bat deitu eta ondorengo kontratazio irizpideak negoziatu ditzan. Beste sindikatu gehienen indefinizioaren aurrean Osakidetzak eztabaida zabalik mantendu du.
Inposaketen egoera honen aurrean ELAk Mahaian zeuden beste sindikatuei mobilizazio gogorrak hastea proposatu die eta mobilizazio horien terminoak adostea espero du. ELAren ustez mobilizazio honek bi lehentasun izan behar ditu, enplegua sortzea eta murrizketa berriak ekiditea.
Gasteizen, 2014ko apirilaren 29an.