Osakidetzak berriz ere kontratazio irizpideak aldatzen dituen zirriborroa aurkeztu du
Osakidetzak eztabaidarako zirriborro berria bidali digu sindikatuoi, bertan 2011ko kontratazio irizpideen aldaketa proposatzen jarraitzen du. Azkeneko Mahai Sektorialean sindikatu gehienek izan zuten indefinizioaren ondorioz Osakidetzak sindikatuon babesa bilatzen jarraitzen du bere irizpidea berresteko. Sindikatuoi ez diguna bidaltzen enplegu sorrera proposamen bat da, hau da, enplegua suntsitzen du eta lana galduko dutenen aukeraketa sindikatuen ardura izatea nahi du.
Polemika berriz ere piztu denez, ELAk bere posizioa berretsi nahi du:
- Osakidetza da 3000 pertsonari behin-behineko kontratuak kentzeko arduraduna. Orain ezin du sindikatuok lanik gabe nortzuk geratuko diren erabakitzea aldarrikatu, ez gara borreroak.
- Edonola, ezin da horrelako aldaketarik eragin EPEko emaitza ezaguna denean. Horrelako eztabaida bat azterketen aurretik bakarrik egin daiteke eta irizpideek azterketan parte hartu aurretik ezagunak izan behar dute.
- Berriz ere, gure betiko irizpidea gure militanteekin kontrastatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Eztabaida hau bukatzen denean, beti ere ezarriko den irizpidea EPEa burutu aurretik ezaguna izatekotan, ELAk bere afiliatuei galdetuko die zein irizpide mantendu behar duen.
Osakidetza eroso dago langileak elkarri mokoka ikusita. Sakoneko arazoa kontratazio falta da, mobilizatu beharra dugu eta Osakidetza lanpostuak sortzera behartu, guk lanpostu behar hori 5000 lanpostutan tasatu dugu. Elkarrekin irabazteko gai gara eta guk mobilizazio bide eraginkorrak jarriko ditugu helburu hori lortzeko.
Euskal Herrian, 2014ko maiatzaren 19an