Osakidetzak berriz murriztuko ditu osasun zentroen ordutegiak udan

2022/06/07
ELAk salatu duenez, aurreko urteetan bezala, Osakidetzak berriro murriztu ditu udan osasun zentroetako ordutegiak -orain arte, osasun zentro batzuk 20:00ak arte zeuden irekita-, eta herritarrak Etengabeko Arretako Guneetara (EAG) eta ospitaleko larrialdietara joatera behartuko ditu. Era berean, anbulatorioetan langile kopurua murriztu dute eta ez dituzte ordezkatzen Lehen Arretan oporretan direnak, udan lanean ari diren profesionalak gehiegi kargatuz. Hori guztia, azpimarratu du ELAk, Osakidetzak aspaldidanik erakutsi duen planifikazio eta antolaketa eskasaren ondorioz. Sindikatuak ziurtatu du neurri hori Lehen Arreta desegiteko estrategiaren parte dela.

Osakidetzak, bere aldetik, ziurtatu du ordutegiak murriztu dituztela langileen atsedenerako eta kontziliaziorako eskubidea errespetatzeko. Hala ere, ELAk uste du erabaki horrek, plantillaren baldintzak hobetu beharrean, langileak herritarrekin aurrez aurre jartzen dituela. Osakidetzak dio, demagogia ariketa argi batean, kontziliazioaren alde ari dela, baina urte osoan ez die bere langileei ia malgutasun eta kontziliazio neurririk eskaintzen. Are gehiago, langileek benetako arazoak dituzte kontziliatzeko.

Osakidetzak gaineratu du kategoria batzuetan langilerik ez dagoenez ezinezkoa dela osasun zentroak indartzea, baina ELAk gezurtatu egin du hori. “Ez da egia Osakidetzak behin eta berriz errepikatzen duen mantra hori; gainera, izan ditzakeen gabeziak berak sortu ditu. Plantillaren lan baldintzak prekarizatuz joan dira, eta langile askok erabaki dute ez onartzea eskaintzen zaizkien lan baldintzak eta ordezko bideen aldeko apustua egin dute”.

Gainera, sindikatuak gogorarazi du erabaki horrek are gehiago prekarizatuko dituela zerbitzuak emango dituzten langileen lan baldintzak osasun zentroetan, Etengabeko Arretako Guneetan (EAG) eta ospitaleko larrialdietan:

  • Lehen Arretako osasun zentroetan lan kargak handituko dira, eta ez da aurreikusten langile gehiago kontratatzea.
  • Ezin denean osasun zentroetan arreta eskaini, EAGetara bideratuko da jendea, baina ez da aurreikusi langile gehiago hartzea.
  • Aurreko bi baliabideetan artatzen ez den guztia ospitaleetako larrialdietara bideratuko da, baina Osakidetzak ez ditu larrialdiak indartuko, nahiz eta profesional batzuk prest egon lan egiteko.