Osakidetzak betikotu egin du garapen profesionalean aplikatutako murrizketa, eta milaka langileri ukatu egin dio hau kobratzeko aukera

2021/07/08
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Sektoreko Mahaian sinatu duten akordioak kobertura ematen dio Osakidetzak 2013 eta 2019 bitarteko osagarrietan aplikatutako murrezketari, eta ukatu egiten dio zenbateko oro jasotzeko aukera epealdi horretan erretiratu diren 6.000 langileei.

Uztailaren 8an Osasuneko Sektore-Mahaian sinatu den akordioak, Garapen Profesionalari buruzkoa, behin betiko finkatu du Osakidetzak 2011tik hona bere langileen soldatetan aplikatu izan duen murrizketa. Horretarako LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan du, minorian gainera.

Akordioaren edukitik bi ondorio nagusi atera daitezke:

  • Osakidetzak 2013ko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era bitartean bere langileekin metatuta zeukan zorra ordaindu beharrik ez du izango. Hots, bere langileei zor dien 6 urteko soldatak barkatu dizkiote, 150 milioitik gora.
  • Ez die ezer ordainduko epealdi horretan -erretiroa edo beste arrazoiak medio- Osakidetzako langile izateari utzi diotenei. Kontutan izanik urtero 1.000 baja begetatibo izaten direla, Osakidetzak 6.000 inguru laguni aktibo zirelarik ordaindu beharreko zenbatekoak ukatzen dizkie.

Indarrean den araudiaren baitan, Osakidetzak urtero egin behar ditu Garapen Profesionaleko deialdiak, eta horrek ordainsarian ondorioa du. Haatik, egin zuen azkenekoa 2011koa izan zen; ordutik hona ez du beste deialdirik egin.

Horrela, Osakidetzako langileek pairatu dituzten zuzeneko soldata-murrizketetako bat deialdi hartakoa izan zen, zuzendaritzak erabaki zuelako tramitazioa eten eta deialdi hari zegozkion soldatak ez ordaintzea. Auzitegiek arrazoia eman zioten ELAri eta ebatzi zuten murrizketa hura legez kanpokoa zela; horregatik Osakidetzak 2012ko urtarrilaren 1a eta 2018ko abenduaren 31 bitartean zor zituen osagarriak ordaindu behar izan zizkien langileei; guztira 130 milioitik gora izan ziren, langileko 6.000 eta 22.000 euro artean.

Alabaina, epaiak zioenari muzin eginez, Osakidetzak murrizte politikari eutsi egin dio eta alde bakarreko erabakiz ez du urtero egin beharreko deialdi bat ere egin. Honek ere agerian uzten du murrizteko eta aurrezteko bere politika, baita oinarrizko zerbitzuetan ere, esaterako osasungintza publikoan.

Hain zuzen ere, gaurko Sektoreko Mahaian langileekiko zorraren kita planteatu du: 6 urteko soldata, nori eta krisi sanitarioan bizia jokoan jarri duten langile hauei. Gainera, zenbateko horiek jasotzeko aukera ukatzen die 6.000tik gora laguni.

ELAk ez du inola ere horrelako soldata murrizketarik babestuko. 2011n bezalaxe bide juridikotik jo du zorra oso-osorik erreklamatzeko; halaber, gure esku dauden tresna sindikal guztiak baliatuko ditugu.

Gure herriko osasun sistema publikoa indartu eta garatzeko unea da, ez langileei eskubideak ostuz aurreztekoa.