Osakidetzak Bilboko lehen arretako zerbitzua kenduko du Gabonetan

Hainbatetan salatu izan dugu pediatren eta familia-medikuen eskandaluzko gabezia lehen arretako kontsultetan. Orain dela bi urte Osakidetza premiatu genuen berehalako neurriak hartzera, gure gainera zetorkigunari aurre egiteko. Orduan eskatu genituen konponbideak sindikatuekin eta lehen arretako antolakunde zientifiko eta profesionalekin adostea aldarrikatu genuen.
Bada, Osakidetzaren utzikeria dela-eta, sistema kolapsatu da. Medikuak ez dira nahikoak herritarren ohiko eskariak erantzuteko. Aste honetan eta Gabonetan Bilboko anbulategietako medikuen agendak itxi egingo dituzte eta atzeraezinak diren eskaerak bakarrik bideratuko dituzte, ondorioz, beste edozein gaixotasun edo artatze urtarrilaren 7tik aurrera hartuko dituzte.
Era berean, Osakidetzak abenduaren 3tik aurrera Basurtoko Etengabeko Arreta Gunea ixtea erabaki du larunbatetan, gaixoak beste zentro batzuetara bideratuko dituzte eta auzokide horiek babesik gabe utziko dituzte. Badakigu asmoa bide horrekin jarraitzea eta itxierak beste zentro batzuetara hedatzea dela.
Horrez gain, mediku lan prekario berri bat sortu dute. Denbora honetan zehar medikuak kontratatuko dituzte soilik etxeetarako abisuak egiteko, lana egiteko historia klinikorako sarbidea izateko aukerarik gabe edo lana antolatzeko espaziorik gabe. Orain arte etxeetarako abisuak mediku bakoitzak bere kupoko gaixoekin antolatzen zuen, eta irteera kupo horren jarraipenaren parte bat gehiago besterik ez zen.
Azkenik, Osakidetzak ordu tarte batzuetan aparteko orduak egiteko aukera eskaini du.
Lan-sistema honek Lehen Arretaren izateko arrazoia erasotzen du, ez dago ez prebentziorik ez jarraipenik. Mediku faltaren aurrean eta erretiroen aurreikuspenak ezagututa ELAk beldur dio orain opor garaian sortutako egoera hau Lehen Arretaren etorkizuna izateari.
ELAk dei egiten die Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzari EHUn medikuntzako ikasleen kopurua berrikusteko eta Egoiliar kopurua handitzeko. Era berean, behin-behineko kontratazioaren kalitatea hobetzea exijitzen diogu hemen prestatutako profesionalek, lan-segurtasunaren faltaren aurrean, emigratu ez dezaten.
Presazko neurriak hartu ezean gure osasun sistema publikoa betiko kolapsatuko da. Osasun seguru-etxeak honen zain daude merkatu hau beretzat hartzeko, ELAk Eusko Jaurlaritzari egoera hau ekiditeko plan bat martxan jartzea exijitzen dio.