Osakidetzak demagogia egiten jarraitzen du kalitate asisentzialaren kontura

2017/11/15
Osasun sailburuak agerraldia egingo du gaur Legebiltzarrean, “Itxaron Zerrendak Laburtzeko Plana” aurkezteko. Plan horretan islatzen den errealitateak ez du zerikusi handirik Osakidetzan egunero gertatzen denarekin. Plan horren bidez, gainera, aurkezten diren neurriak zabalkunde-tankerakoak dira; baina ez dute, inolaz ere, helburu arretaren kalitatea hobetzea edo gaur egun dauden benetako arazoei heltzea.

Osakidetzak ez du etsi informazioa bere onerako manipulatzeko eta nahasteko ahaleginetan.

Gaurko gaia itxaron-zerrendak dira, herritarrek egunetik egunera pairatu behar duten arazoa. Osakidetzak horretarako “Itxaron Zerrendak Laburtzeko Plana” taxutu du, baina datu irrealetan oinarriturik. Azken batean, arretaren egoera latzean beste adabaki bat gehiago jarriko dute, Osakidetzan lehengo lepotik burua.

Gogora ekarri behar dugu Osakidetzako plantillaren eskasia. Egiturazko plantilla ez dago egokiro dimentsionaturik, eta bertako enplegatuen lan-karga handitzearen kontura, estu eta larri erantzuten zaie egunero sortzen diren arreta-beharrizanei. Osakidetzak berriro erakutsi digu ez duela egoera horri heltzeko eta konpontzeko asmorik, ez duela sartu nahi atal bakoitzean behar adina langile ―benetan dagoen arreta-eskariari erantzun egokia eman ahal izateko―, eta beste adabaki bat aurkeztu digu ―arazoa inondik inora konponduko ez duena―.

Eta horretarako, egin duen lehenengo gauza, itxaron-zerrenden oraingo egoeraren gaineko datu irrealak ematea izan da. Bere esanetan, ebakuntza orokor baterako itxaron-zerrenda 18 egunetakoa da eta 30 egunetakoa kanpoko kontsulta baterako. Baina gaur egungo errealitatea hortik urruti dago: Basurtuko ospitalean traumatologiako ebakuntza baterako itxaron-zerrenda 9 hilabetetakoa da eta erresonantzia magnetiko baterako, 4 hilabetetakoa; Galdakaoko ospitalean, min unitateko lehenbiziko kontsultarako itxaron-zerrenda urte batekoa da; edo Durangoko anbulategian, oftalmologiako lehenbiziko kontsultarako itxaron-zerrena 6 hilabetetakoa da. Hauek, adibide batzuk baino ez dira.

Gezurrezko abiapuntu horretatik hurrengo konponbide “magikoak” eskaini dizkigu:

Ebakuntza gehiago egiteko, autokontzertazioaren bidetik jarraitzea: Neurri horrek ez du konponduko plantillaren egitura-arazoa, ezta langileen gehiegizko lan-karga ere. Gainera, ez du islatzen Osakidetzaren benetako borondatea. Adibide pare bat jartzearren, Urdulizko Ospitalean, milioitako inbertsioa egin ostean, kirofanoak itxita daude oraindik. San Eloy Ospitalean langileek mobilizazioak bultzatu dituzte azken asteotan, Zuzendaritzak arratsaldeko kirurgia-jarduera hemendik urte amaierara arte bertan behera uztea erabaki duelako. Beraz, 36 ohe itxi dira, guztien %30. Nor nahastu nahi dute?

Gaixoak klinika pribatuetara bidaltzea: Osakidetzak zerbitzu publiko bat eskaini behar du, langile publikoekin. Hala ere, denon diruaz enpresa pribatuak finantzatu nahi da, Osakidetzari dagokion zerbitzu bat esku pribatuetan utzi, etekinak irabazi ditzaten. Plan horretan “jarduera-erpinak” aipatzen dira; baina erpin horiek etengabe errepikatzen dira, eta benetako beharrizanekin bat datorren plantilla bat izanez gero, betiko konponduko lirateke. Formula horretaz baliatzen dira zerbitzuak pribatizatzeko. Nori egin nahi diote mesede?

Itxaron-zerrenda partekatuak hainbat zentroren artean: Asmoa da gaixoek, dagokien zentroaren partez, beste bat hautatu ahal izatea. Gogoan izan gaixo bakoitzak bere erreferentziazko zentroa daukala, eta zentroek ardurapean duten biztanleriaren araberako plantilla izan behar dutela. Gaixoak erreferentzia-zentroetatik beste batzuetara aldatzera bultzatzea Osakidetzaren beharrizanak konpontzeko da, eta ez gaixoarenak. Osasun-sistema noiz jarriko da gaixoari begira?

Kanpoko kontsultak arratsaldeetan sustatzea: Osakidetzaren beste gezurrezko kontu bat. Benetako arazoa zera da: Osakidetzak gero eta espezialista gutxiago dauka; hori dela-eta, batzuetan muturreko egoeretara iristen da, esate baterako, lehen arretan. Aipatu behar dugu berriro San Eloy Ospitalean egindako berregituraketa, non Barne Medikuntzaren, Kirurgiaren eta Lehen Arretaren arratsaldeko kontsultetan eragina sumatu den. Noiz arte egingo du Osakidetzak dioenaren kontrakoa?

Kirurgia anbulatorioa indartzea: Kirurgia anbulatorioaren beharrik dagoen ala ez irizpide medikoen eta gaixoaren egoeraren arabera erabaki behar da, eta ez Osakidetzaren egiturazko arazoak konpontzearren; batez ere garaiz eta sasoiz bideratu nahi ez baditu. Noiz lehenetsiko da gaixoaren osasuna?

Aipaturiko guztia gutxi balitz bezala, ELAn jakitera izan dugunez, zerbitzu-antolakunde batzuetan zerrendak kudeatzen dituzten profesionalak gonbidatuak izan dira datu jakin batzuk aldatzera, itxaron-denborak hobeto gera daitezen. Noiz arte trikimailu horiek?

Horiek horrela ELAtik exijitzen diogu Osakidetzari zentzuz jokatzeko, kalitatezko osasun-zerbitzu bat bermatzea helburu bakartzat edukitzeko, plantillaren dimentsio-arazoari behingoz heltzeko, eta inon ez den egoera ikusarazteko jukutriak berriz ez erabiltzeko.

ASKI DA!!