Osakidetzak edukiz hustu nahi du egonkortze lan eskaintza publikoa, eta langileak ohiko deialdira bideratu

2022/07/28
Plaza kopurua eskasa izateaz gain (24.600 behin-behineko izan arren, 3.723 plaza baino ez dira eskaintzen egonkortze EPEan), langile guztiak EPE arrunt bat egitera behartzen ditu, Iceta Legearen abantailak baztertuz

Gaurko Osasuneko Mahai Sektorialeko bileran, Osakidetzak berriro ere ohiko irizpide ekonomizistak lehenetsi ditu plantillaren eskubideen gainetik. Ondorioz, egonkortze EPEari dagokionez, milaka langileek jarraituko dute behin-behienean lanean.


Osakidetzak %58ko (24.600 langile baino gehiagori eragiten dio) behin-behinekotasun-tasa betikotzeko borondate argia du. Argazkia hori izanik, eta 20/2021 Legeak tasa hori %8ra jaitsi behar dela ezartzen duen arren, Osakidetzak 3.723 lanpostuetako egonkortze EPE bat onartu baitu. Bistan da kopuru hori ez dela nahikoa, behin-behinekotasuna %50ean utziko baitu.


Hori gutxi balitz, Osakidetzak Oinarri Orokorren zirriborro bat aurkeztu du gaurko bileran. Zirriborro horrek berretsi egiten du behin-behinekotasun tasa handiak betikotzearen aldeko apustua, eta bizkarra ematen die urte luzez behin-behineko gisa lanean aritu diren langileei. Egungo planteamenduarekin, Iceta Legeak eskaintzen dituen egonkortze aukerak nabarmen murrizten ditu Osakidetzak:

 

  • Osakidetzak proposatzen du prozesu bakar batean bateratzea egonkortze EPEa eta 20/21 EPE arrunta. Horren ondorioz, oinarri arrunt komun batzuk planteatzen dira, hautaketa prozesu arrunt bakarra barneratzen dutenak, dagokion azterketa arrunt eta baztertzailearekin, eta merezimenduen baremazio arrunta, Osakidetzan lortutako esperientzia beste osasun zerbitzu batzuen gainetik jartzen ez duena.

 

  • Prozesua une berean egingo da, eta, horren ondorioz, hautagaiek ezin izango dituzte baliatu Legeak egonkortze prozesuari ematen dizkion abantailak. Hala, merezimendu lehiaketa eta lehiaketa oposizioa ez dira izango une desberdinetan, eta, horregatik, hautagaiek ezin izango dute merezimendu lehiaketan parte hartu, eta plaza finkoa lortzen duten ala ez kontuan hartuta, lehiaketa oposizio prozesuan parte hartu. Horrek langile guztiak EPE arrunta prestatzera eta egitera behartzen ditu, azterketa arrunta eta baztertzailea barne.

  • Azkenik, adierazi behar da Osakidetzak ukatu egiten duela langile desgaituek meritu lehiaketaren fasean parte hartzea. Fase honetan ez da desgaituentzako txandarik aurreikusten. Osakidetzak argudiatzen du horren ondorioz, gaitasun nahikorik erakutsi ez duten pertsonak plaza finko batera sartzeko arriskua dagoela. Planteamendu onartezina da, Legean ezarritakoa urratzeaz gain, kolektibo horren diskriminazioa dakarrena.

 

 

Adierazitakoa ikusita ondorioztatzen da Osakidetzak, behin bakarrik aplikatuko den salbuespenezko legeria bat aplikatzerakoan ere, betikoa egin nahi duela: behin-behinekotasuna betikotu eta aldi baterako kontratu batekin Osakidetzan urte luzeak lanean daramatzaten langileen egonkontze aukerak ezabatu.