Osakidetzak ELAko ordezkarien formazio ikastaroa debekatu du
Osakidetzak ELAko delegatuek Arabako Ospitale Sikiatrikoan burutu behar zuten formazio saio bat debekatu du. ELAk langileak laguntzeko nomina ikastaro bat burutu nahi zuen, baina Osakidetzako Erakunde Zentraleko Zuzendaritzak saioa debekatu du.
ELAk Osakidetzarako nominen kalkulurako programa bat prestatu du. Programa hau bereziki beharrezkoa da momentu honetan, Osakidetza langileen nominak berrikusten ari baita errakuntzak topatzeko, beti ere errakuntza horiek administrazioaren mesedetan direnean. Errakuntza hauen ondorioz langile batzuei 20.000 euro bueltatzea eskatzen ari dira. Orain Osakidetzak langileei diru hau bueltatzea eskatzen ari da, baina ez dute neurririk hartu errakuntzaren arrazoia zuzentzeko.
Egoera ikusita, ELAk informatika programa bat sortu du Osakidetzako nominak modu arinean kalkulatu ahal izateko eta langileen nomina guztiak berrikusteko. Programa honen funtzionamendua azaltzeko formazioa burutu nahi genuen eta horretarako informatika-gela bat behar genuen. ELAk ezaugarri horiek zeuzkan gela baten erabilera eskatu zuen gaurko Arabako Ospitale Sikiatrikoan. Gela libre zegoen, baina Zuzendaritzak formazio saioa burutzea debekatu du.
Osakidetzak ekintza sindikala bere erabakiei onespena emateko bakarrik onartzen du. Eskubide sindikalak eta langileen eskubideak oztopo bat besterik ez dira Zuzendaritza honentzat. Osakidetzak jarrera diktatorial hau eremu ezberdinetan erakusten du, mahai negoziatzaileetan, lan sindikala egiteko gutxieneko informazioa ukatzen digunean edota formazio sindikala burutzeko gela baten erabilera ukatzen duenean ere.
Debeku hau bereziki larria da momentu honetan. Osakidetza modu masiboan gaizki burututako ordainketak bueltatzea eskatzen ari baita eta deskontu horiek modu egokian eginak daudela kontrolatzeko tresnak martxan jartzea zailtzen du.
ELAk langileen eskubide sindikalak errespetatzea eta sindikatuen ekintza ez mugatzea exijitzen dio Zuzendaritzari.
Euskal Herrian, 2015eko ekainaren 2an