Osakidetzak erizaintzako gainbegiraleak bilatzen ditu Mendarorako

2015/10/14
Erizaintzako zuzendariaren eta gainbegiraleen karguak izendatzerakoan merezimenduen lehiaketa garbia eta irekia egin dadila eskatzen du ELAk.

ESI Debabarreneko erizain zuzendariaren kargugabetzea eta ondoren zerbitzuko 17 gainbegiraleen dimisioaren ondoren, ZuzendaritzaK erizainen eta zelarien gainbegiraleen behin-behineko aukeraketa prozesua hasi du. Honen inguruan, ELAk ondokoa adierazi nahi du:

1. Zuzendaritzari eskatzen dio kargugabetze hau aurrera eramateko izan dituen arrazoiak plazaratu ditzala. ELAri zerbitzu honetan sortu den antolaketa ezak asko arduratzen du, bai erizainen eguneroko lanaren antolaketan izan ditzakeen ondorioak, baita zerbitzuaren kalitatean izan dezakeenak ere. Debabarrena ESIko langileek eta gizarteak erizaintzako zuzendaritzan sortutako antolakuntza kaosa justifikatzen duten arrazoiak ezagutzeko eskubidea dute.

2- Era berean, erizaintzako zuzendariaren eta gainbegiraleen karguak izendatzerakoan merezimenduen lehiaketa garbia eta irekia egin dadila eskatzen dugu, eta berau zuzenduko duen tribunala independientea eta ESItik kanpoko kideek osatua izatea nahi dugu. Aukeraketa prozesua zuzendaritzaren aginduetatik aske izango den jendeak egin beharko luke. Gure ustez, hautagaien gaitasuna eta osasun publikoaren aldeko konpromisoa Osakidetzako zuzendaritza politikoarekiko otzantasunaren gainetik baloratu behar dira.

Esandako guztiarengatik, ELAk zuzendaritzari sortu den gatazka konpontzeko azkar lan egitea eskatzen dio. Baina, bereziki, gatazka zuzendaritza-kudeaketa eredu berri bat ezarriz konpon dezala exijitzen diogu, gardentasunez arituko den, kalitatezko osasun zerbitzu publiko baten alde egongo den eta Debabarrena ESIko langileen lan-eskubideak errespetatuko dituen zuzendaritza behar dugu.