OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA

Osakidetzak estabilizazio lan eskaintza publikoa legeak ezarritakoarekiko urtebeteko atzerapenaren ebatzi nahi du

2025/07/09
Europak, behin-behinekotasuna sistematikoki gehiegikeriaz erabiltzeagatik Administrazio Publikoei berriro atentzioa deitu dien aste honetan, Osakidetzan behin-behinekotasun tasa %50etik gora mantentzen da.

 Uztaiaren 9ko Mahai Sektorialeko bileran, Osakidetzak Estabilizazio Lan Eskaintza Publikoa ebazteko egutegi bat planteatu du, Legeak ezartzen duenarekin alderatuta urtebeteko atzerapenarekin amaitzea ekarriko duena. Eta hori guztia, Europak berriro ere administrazio publikoei atentzioa deitu dien aste honetan, behin-behinekotasunaren abusu sistematikoagatik. Osakidetza Europako Auzitegien irizpideak bete ez dituen administrazioetako bat da. Hori gutxi balitz, abian dagoen EPEari aplikatu beharreko joko-arauak aldatzea proposatu du gaur, bigarren aldia da prozesu horretan. Gainera, hautagaientzako berme gutxiko proposamena da, besteak beste, destinoa aukeratzeko edota plazak hartzeko epeak asko murrizten dituelako. Sindikatu Medikoak bakarrik babestu du proposamena.

Azpimarratu behar dugu enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak ezartzen zuela, besteak beste, egonkortze-prozesuak 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi behar zirela eta behin-behinekotasun-tasa %8tik behera kokatu behar zela. Bada, Osakidetzaren kasuan, ez da bete ez premisa bat, ez bestea: egonkortzeko EPEa aurtengo abenduan amaitzea aurreikusten du Osakidetzak, hau da, Legeak ezarritakoarekiko urtebeteko atzerapenarekin; eta behin-behinekotasun tasari dagokionez, gaur egun 24.000 langileri baino gehiagori eragiten die, hau da, plantillaren erdiari baino gehiagori. Oso urruti, beraz, %8 horretatik.

Halaber, Osakidetzak sindikatuei jakinarazi die hilabete honetako nominan eguneratu egingo duela Espainiako Gobernuak aste honetan onartutako %0,5eko soldata-igoera. Igoera hori 6 hilabete baino gehiagoko atzerapenarekin dator, eta ez dio heltzen Osakidetzako plantillak pairatzen duen eros-ahalmenaren galera metatuari, %20koa baita. Hezkuntzan edo Ertzaintzan lortutako akordioek argi erakusten dute, borondate politikoa badago, Eusko Jaurlaritzak badituela bere langileen soldatak hobetzeko tresnak.

ELAk neurri eraginkorrak eta arinak eskatu dizkio Osakidetzari, kontratuak kateatzen urte luzeak daramatzaten aldi baterako milaka langileak kontsolidatzeko, bai eta lan-baldintzak benetan hobetzeko ere. Horretarako, ordainsariak hobetu eta metatutako eros-ahalmenaren galerari heldu behar zaio. Hori egiteko, ezinbestekoa da borondate politikoa, orain arte bezala, Madrilek agintzen duenari men egin nahi ez dion borondate politiko berria.