Osakidetzak ez dauka 24.000 langile baino gehiagoren kontsolidazioa ekarriko lukeen EPE bat egiteko borondaterik

2021/11/23
Gaur, azaroak 23, Osasuneko Mahai Sektorialak egindako bileran, Osakidetzak argi utzi du ez duela sektoreko behin-behinekotasun tasa altuari aurre egiteko asmorik. ELAk adierazi duenez, Europako behin-behinekotasun tasarik altuena badu ere, gaur egindako bileran, Osakidetzak 3.458 plaza kontsolidatzeko EPE bat egitea proposatu du, 8 urtetik gorako aldi baterako 9.000 langile eta 3 urtetik gorako antzinatasuna duten aldi baterako 14.600 langile baino gehiago daudela kontuan hartu gabe. Behin-behinekotasun tasak, % 58koa, 24.000 langile baino gehiagori eragiten die. Sindikatu guztiek baztertu dute proposamena.

“Gaur arte erabilitako aitzakia Madrilek ezartzen zituen mugak ziren arren, orain indarrean dagoen Errege Lege Dekretuan eta Kongresuan izapidetzen ari den Legean (Iceta Legea) ezarritakoaren gainetik pasatu nahi du”, kexu da ELA.

Hori gutxi balitz, Osakidetzak aurrera jarraitzen du bere langileen lan-baldintzen prekarizazioarekin. Hala, gaur adierazi du erretiratu egiten duela apirilean kolektibo jakin batzuei %4ko osagarria ordaintzeko egin zuen proposamena. Horien artean CVTTH eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko zentroetako langileak daude. ELAk erabaki horren aurka dagoela adierazi du.

Sindikatuaren esanetan, mobilizazioak behartu zuen Osakidetza %4ko proposamen hori egitera, baita Errege Lege Dekretua lege gisa izapidetzera ere. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioa bultzatzen jarraituko du, langileen lan-baldintzak hobetzeko, kontsolidatzeko eta prekarietateari amaiera emateko.