Osakidetzak ez ditu betetzen psikiatren ordezpenak
ELAk aspalditxotik salatu izan du Osakidetzaren zenbait kategoriatan gertatzen dena eta etorkizunean gertatuko direnak. Horrelako kasuak gertatzeko arrazoi bakarrak aurreikuspenik eza eta pertsonalari jaramonik ez egitea dira.
Zehazkiago esateko, psikiatren kategorian Osakidetzak 160 bat lankide ditu hiru lurraldeetan banatuak. Osakidetzak urtero eskaintzen dituen MIR plazak 9 izaten dira, eta kopuru hori ez da nahikoa urtean zehar, hainbat arrazoi dela-eta, sortzen diren ordezpen-beharrak bete ahal izateko.
Osakidetzak berriz ere utzi du agerian bere gaitasunik eza gaixoak behar bezala artatzeko, eta bere pertsonala kontuan hartzeko. Zabalganako Osasun Zentroan, esate baterako, ordeztu beharrekoen lankideen lepora joan dira lan-karga osagarriak.
ELAk behin baino gehiagotan eskatu dio Osakidetzari prestakuntza-beharrizanak aztertzeko, bai gaur eguneko egoerari begira, bai epe laburrera gertatuko diren erretiroei begira. Gure eskariei, ordea, erantzun isila eman die Osakidetzak. ELAk galdatu dio Osakidetzari MIR eskaintza ugaltzeko, benetan dauden beharrizanen pare jarri arte; eta baita ordezpen guztiak, kategorien arteko bereizketarik egin gabe, betetzeko ere.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 25a.