Osakidetzak ez du inolako planik Lehen Arretak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei aurre egiteko

2021/12/23
Osakidetzak ez du inolako planik Lehen Arretak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei aurre egiteko. Lehen arretaren arazoa ez dira profesionalen atsedenaldiak, arazoa langilerik eza eta inbertsio publikorik eza da, eta arazo horiek ez dira konpontzen osasun-zentroetako atea lehenago itxiz.

Abenduaren 22an elkarretaratzeak deitu genituen Lehen Arretako zentroen aurrean, egoera jasanezina dela salatzeko, eta hurrengo egunean, Osakidetzako Mahai Sektorialaren bileran, berriro egiaztatu dugu bagenekiena: Osakidetzak ez duela inolako borondaterik, ezta planik ere, Lehen Arretako arazo larriei heltzeko eta horiek konpontzeko. Arazo horiek sakonekoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta egungo osasun- krisiak are gehiago larriagotu ditu.

Osakidetzak Gabonetan eta gainerako oporraldietan errepikatzen den klasiko bat aurkeztu digu: lehen arretako zentroetako arreta-ordutegien murrizketa. Eta klasiko bat dela diogu, aspaldidanik, Osakidetzak langile falta arintzeko mahai gainean jartzen duen irtenbide bakarra delako. Ez da beste ildorik lantzen, herritarrei ematen zaien arreta murriztea eta plantilla gehiago kargatzea baino.

Seigarren olatuan, lanak modu esponentzialean gora egin duenean, Osakidetzak, lehen arretaren arazoak konpontzeko, osasun-zentroetako arreta-ordutegiak murriztea proposatzen du. Eta, beste behin ere, aitzakia gisa langileen atsedena erabiltzen du: plantillaren atsedena eta oporrak bermatzeko egiten duela dio. Hala ere, langileek aspaldian ez dute atsedenik hartzen; benetazko arazoa ikusezin bihurtzeko aitzaki baten aurrean gaude: plantillen eskasia. Horrela, gabonaldi honetan, absentzia askorekin eta ordezkapen faltarekin, zerbitzua ematen jarraitzen duten langileak erabat gainezka daude, eta oporrak hartzen dituztenek, itzultzean, askotan, absentzia-egunetan egin ez duten lan guztiari aurre egin behar izaten diote. Bitartean, herritarrek, ordutegien murrizketaren aurrean, EAGetara edo Ospitaleko Larrialdietara jotzen dute, eta horiek ere ez dira indartzen eta gainezka amaitzen dute.

Lehen arretaren arazoa ez dira profesionalen atsedenaldiak, arazoa langilerik eza eta inbertsio publikorik eza da, eta arazo horiek ez dira konpontzen osasun-zentroetako atea lehenago itxiz.

Aldi berean, gaurko bileran, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko lege-proiektuaren gaia jorratu da. Behin-behinekotasuna Osakidetzak duen arazo handienetarikoa da. Otsailean, Osasun Sailak berak emandako datuen arabera, aldi baterako 24.600 langile baino gehiago zituen (%58a); horietatik 9.000 inguruk 8 urte baino gehiagoko antzinatasuna zuten, eta 14.600ek 3 urtetik gorako antzinatasuna. Testuinguru horretan, behin eta berriz salatu izan dugu orain arte eskainitako LEPak erabat eskasak direla (3.535 plazako bat deitu da).

Gogora dezagun, gainera, ELAk berriki deitutako LEPa etetea eskatu zuela, lanpostu horietako asko langileentzat onuragarriagoak ziren hautaketa-prozesuetan eskaini zitezkeelako premisarekin, lege honen arabera. Osakidetzak, ordea, entzungor egin zuen eta, zalantzarik gabe, plantillak egonkortzeko eta kontsolidatzeko aukera bat galdu genuen.

Bileran ELAk berriro eskatu dio Osakidetzari benetako negoziazio bat irekitzeko, behin- behinekotasun tasa onartezin batekin amaitzeko prozesu bermatzaileak egin ahal izateko. Iceta Legea, nahikoa ez izan arren, aurrerapausoa da, eta atea irekitzen du negoziazio kolektiboaren bidez prozesu bermatzaile eta nahikoak deitzeko, urte luzeetan aldi baterako izatearen prekarietatea jasaten duten milaka langile kontsolidatzeko. Gauza bakarra behar da: benetako borondatea.