Osakidetzak ez du mahai sektorialean neurri bakar bat ere proposatu osasun zentroetarako egoera larriari aurre egiteko

2022/01/20
Osasuneko Mahai Sektorialaren bilera egin da urtarrilaren 20an, eta Osakidetzak ez du neurri bakar bat ere proposatu osasun zentroetarako egoera larria arintzeko edo konpontzeko. ELAk egiaztatu du, beste behin ere, Osasun Sailak aurrera jarraitzen duela bere ibilbidearekin, eta ez duela inolako asmorik egoera horri buelta emateko. Osasun Sailaren ustez, Osakidetzaren errealitate gordinak ez du lekurik horrelako bilerako gai zerrendan. Horregatik ELAk urtarrilaren 23an EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen du ELAk

Gogoratu dezagun hainbat protesta egin direla, bereziki Lehen Arretan, Osasun arloko profesionalek bizi duten egoera salatzeko. Izan ere, osasun zentroen kolaspsoa agerikoa da, baita langileen nekea eta gainkarga ere, eta ospitaletan ere egoera larria da.

Behin eta berriz salatu dugu egoera hau ez dela koiunturala, eta ez duela sortu pandemiak. Egungo osasun krisiak larriagotu egin du, are gehiago, aspalditik datozen eta egiturazkoak diren gabezi larriak. Horren adibide argia da enpleguaren egoera: Osasun Sailak berak otsailean emandako datuen arabera, plantillaren %58 tenporala da: 24.600 langile, eta horietatik ia 9.000k 8 urte baino gehiagoko aintzinatasuna daukate.

Argazki larri horren aurrean, Osakidetzak gaurko bileran Sektore Publikoan Behin-behinekotasuna Murrizteko Legearen aplikazio murriztailea eta erabat eskasa planteatu du, 3.000 plaza baino ez egonkortzeko LEPa deitzeko asmoa adierazi baitu.

Premiazkoa da Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzea: aurrekontua handitzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGaren %7a), horren %25a lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, plaza berriak sortuz (5.000 plaza gehiago sortu behar dira, horietako 1.000 lehen arretan; aldi baterako milaka langileak kontsolidatzea eta aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan kargak arintzea; ordezkapenak lehenbiziko egunetik egitea; azken batean, osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuari aurre egiteko.

Osakidetzak erakutsitako inmobilismoaren eta borondate ezaren aurrean, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, igande honetarako EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egiten du ELAk.