Osakidetzak ez du negoziatu nahi: ELAk mobilizazio-deia egin du negoziazio kolektiboaren alde

2011/11/18
ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak elkarretaratu ziren azaroaren 17an Osakidetzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, Administrazioak sektore-mahaiko negoziazioan daraman eragozpen-jokabidea salatzearren.

2009ko abenduan amaitu zen Osakidetzaren Lan Baldintzen Akordioaren indarraldia, eta harez geroztik Administrazioa sektore-mahaiko negoziazioa trabatzen ari izan da, orain dagoen ito-puntura eraman arte.

Sektore-mahaia 2009an eratu zen, gero plataforma sindikalak aurkeztu ziren, eta azkenik Administrazioaren proposamena. Administrazioaren proposamenean ez zegoen ezer funtsezkorik, eta sindikatuok ezetza eman genion aho batez.

Harez geroztik Osakidetzak ez du pausorik aurrera eman; alderantziz, azken bileretan Administrazioak beren beregi esan du ez diola ekingo Lan Baldintzen Akordioa negoziatzeari.

Kontuan izan, gainera, Administrazioarekin egiten den negoziazio kolektiboa, oro har, oso mugatua izaten dela, patronala gobernua baita (dekretuak ematen dituen berbera). Hala eta guztiz ere, negoziazioari ezetz borobila eman du; eta hori gutxi balitz, sektore-mahaia informazio-organo soila bihurtzeko asmoa du, eta horren bitartez abian jarriko dituen proiektuen berri emango die sindikatuei. Eta organo horretaz baliaturik, itxurak gordeko ditu, egitura- eta antolamendu-aldaketak egingo dituenerako. Izan ere, egin asmo dituen aldaketa horiek eragin handia izango dute herri-langileengan eta erabiltzaileengan, eta sindikatuek ez dute parte hartzerik izango horrelako proiektuen garapenean edo diseinuan.

Praktikan Sektore Mahaiak notarioarena baino ez du egiten, Administrazioaren ez-betetze etengabeen akta jasotzen du. Bitartean garrantzi handiko proiektuak aurkeztu dira, besteak beste, OSIen sorrera, Arabako HUA, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, mugikortasunaren eta barne-sustapenaren baldintzak, EPEa, kontratazioa, espetxeetako osasungintza Osakidetzan txertatzea. Gai horietan guztietan Osakidetzak benetan negoziatzeko aukerari ukatu dio, sindikatuen proposamenei jaramonik egin barik, eta nagusikeriaz, isil-gordean, ezkutuka eta lardaskeriaz jokatuz.

ELA eta LAB sindikatuetako mahaikideek behin eta berriz eskatu dute Lan Baldintzen Akordioa eta zain dauden gainerako gaiak negoziatzeko, baina Osakidetzak entzungor egin izan du. Azken hilabeteotako balantzea ezin da okerragoa izan: Osakidetzak behin eta berriz urratu du Osasun Sistema Publikoko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea. Jarrera egoskor horri erabateko erantzuna eman behar diogu.

ELAk, LABek eta ESKk dei egiten diete Osakidetzako langile guztiei mobilizaziora, eta gure eskubideen alde agertzera. Eta sektore-mahaiko gainerako sindikatuei itxurakeria horietan gehiago parte ez hartzera. Aski eta sobera dira pertsonal-murrizketak, egunetik egunera gure lan-baldintzak okerragora eramatea, osasun-arretaren kalitatea bertan behera uztea eta euskal osasungintza publikoa esku pribatuetan uztea. Administrazioak bere jabetzako ondare moduan erabiltzen du Osakidetza, eta ezin diogu utzi horrela jarraitzen. Benetako negoziazioa eskatzen dugu ORAIN!