Osakidetzak ez du negoziatzen, propaganda egiten du

2014/06/27
Atzoko manifestazio arrakastatsuaren ondoren Osakidetzak sindikatu guztiekin bilera bilateralak egingo dituela argitaratu zuen. ELA bilera honetara joango da, baina bertan ez bada proposamen seriorik egiten ez da horrelako bileretara bueltatuko.

Lehendabizi, ELAk bere poza adierazi nahi du atzoko manifestazioaren emaitza onarengatik. 5.000 pertsonek parte hartu zuten ekaina bukaerako ostegun batean egindako manifestazioan. Mobilizazio honek erakusten du Osakidetzako langileen haserrea eta hurrengo mobilizazioak ere arrakastatsuak izango direla.

Mobilizazio honen helburua Osakidetzak enplegu sorrera eta honen finkatze proposamen bat egitea, eta Garapen Profesionalaren azken deialdiaren berehalako ordainketa egitea zen. Osakidetzako zuzendaritzak bere burua interpelatuta ikusi du eta, horregatik, argitaratu behar izan du bileren erronda.

ELAren ustez bilera hauen berri ematea Giza Baliabideen Zuzendaritzaren urduritasunaren seinale da. Era berean, bilera hauek publiko egiteak propaganda asmoa du eta Osakidetza negoziatzeko prest dagoelako itxurak egiteko helburua du.

Horregatik, ELAk adierazi nahi du uztailaren 1ean, asteartea, arratsaldeko 16:00etan Gasteizen burutuko duela bere bilera. Osakidetzak bilera horretan negoziaketa errealerako proposamen bat egingo ez balu eta bilera hori interlokuzio bide bat irekita dagoela aditzera emateko bakarrik erabili nahi badu, baina edukirik zehaztu gabe, eta, gainera, ondoren ez bada Mahai Sektoriala berehala deitzen, ELAk adierazi nahi du ez duela berriro bilera bilateraletan parte hartuko.

Bilera hauek zentzua dute bilera Sektorialak prestatzeko, bakoitzaren ikuspuntua ezagutzeko eta Mahaian izan beharreko jarrera finkatzeko. Osakidetzak negoziatzeko asmoa duelako itxurak egiteko eta prentsaurrekoetan argitaratzeko bakarrik balio badu ELAk ez du parterik hartuko.

Azkenik, atzoko mobilizazioan parte hartu zuten pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu eta adostutako mobilizazio egutegia aurrera eramateko gure asmoa berretsi nahi dugu, udazkenean burutu beharreko 34 orduko grebak barne.