Osakidetzak garapen profesionalaren etetea argitaratu du
Osakidetzako Zuzendaritzak ostiralean 2011ko Garapen Profesionala eteten duen Ebazpena argitaratu zuen. Osakidetzak erabaki hau egoera ekonomikoa 2011tik hona okertu izanagatik justifikatzen du, Eusko Jaurlaritzako arduradunek kontrakoa esaten diguten arren.
Osakidetzak deialdian orain arte egindako prozedura guztiak mantentzen ditu, ondorioz, deialdia berriz ere martxan jartzen den egunean ezin izango da meritu berririk aurkeztu.
ELAk, berriz ere, aldebakarreko erabaki hauek Negoziazio Kolektiboarentzat suposatzen duten errespetu falta salatu nahi du. Era berean, ebazpen honek langileen arteko diskriminazioa eragingo duela salatu nahi du, hau da, meritu kurrikular berdinak izanda ezberdin kobratuko duten langileak izango dira.
Garapen Profesional eredua kolektibo ezberdinen artean diskiminatzailea suposatzen du, formazio ustela bultzatzen du eta arduradunekiko morroitza bultzatzen du.
Hala ere, ELAk ez du eskubide berri bat lapurtzea onartuko, horregatik Ebazpen honen aurkako helegitea ezartzea erabaki dugu. Banakako erreklamazioak egin dituzten pertsonek argibideak jasoko dituzte hemendik aurrera eman behar dituzten urratsak azalduz.
Langileok esfortzu handia burutzen ari gara murrizketak izan arren osasungintza publikoaren kalitatea mantentzeko, ez dituzte tratu txar hauek merezi eta, horregatik, beste sindikatuekin batera mobilizazioak antolatzen saiatzen ari gara. Langile guztiei mobilizazio horietan parte hartzera dei egiten diegu, duintasun kontua da.
Euskal Herrian, 2014ko maiatzaren 12an