OSASUN MENTALA

Osakidetzak Gipuzkoako gaixotasun mentalak dituzten gazteentzako eguneko zentroa pribatizatuko du

2024/02/21
ELAk komunikabideen bidez jaso du honakoaren berri: Osakidetzak beste zerbitzu bat pribatizatuko du Gipuzkoan, hain zuzen ere, Osasun Sailak martxan jarriko duen gaixotasun mentala duten gazteentzako eguneko zentroa. Donostiako San Juan de Dios Ospitalearekin hitzartu du zerbitzu hori. Osasun Sailak gero eta zerbitzu publiko gehiago pribatizatzen ditu; 2023an, 269 milioi euro bideratu zituen enpresa pribatuekin hitzartutako zerbitzuak finantzatzeko, iaz baino %9 gehiago

ELAk komunikabideen bidez jaso du honakoaren berri: Osakidetzak beste zerbitzu bat pribatizatuko du Gipuzkoan, hain zuzen ere, Osasun Sailak martxan jarriko duen gaixotasun mentala duten gazteentzako eguneko zentroa. Donostiako San Juan de Dios Ospitalearekin hitzartu du zerbitzu hori.

Alde batetik, ELAk salatu nahi du Osakidetzaren gardentasun falta. ELAk ez du horri buruzko informaziorik jaso ez Mahai Sektorialean, ez beste ezein negoziazio forotan. Bestetik, ohartarazi nahi du osasun zerbitzu baten pribatizazioaren aurrean gaudela.

Datuek erakusten dute Osakidetzako gero eta zerbitzu gehiago ituntzen direla osasungintza pribatuarekin. Osasun Sailak 269 milioi euro bideratu zituen 2023an enpresa pribatuekin hitzartuta eta azpikontratatuta dituen zerbitzuak ordaintzera, aurreko urtean baino %9 gehiago. Esaterako, orain gutxi, ELAk salatu zuen Osakidetzako biltegien pribatizazioa: 129 milioi euroko lizitazio plegua argitaratu du Osasun Sailak horri aurre egiteko. Izan ere, esleipenen bidea ere erabiltzen ari da Saila interes pribatuen mesedetan eta lan baldintzen kaltetan.

Gipuzkoako kasua bereziki da kezkagarria. Gogoratu behar da Gizpukoa zela osasun mentaleko arazoak zituzten gazteentzako eguneko zentrorik ez zuen EAEko lurralde bakarra. Gainera, Gipuzkoak egun ez du Osasun Mentaleko ospitale publikorik (Araban eta Bizkaian badaude), zerbitzu hori Aita Menni ospitalearekin azpikontratatzen baita urtero 29 milioi euro diru publikoren truke. Tolosaldeko egoera ere azpimarratzekoa da: ez du eskualdea artatzeko ospitale publikorik, eta arreta hori Asuncion Klinikarekin azpikontratatzen da, urteko 24 milioi euroren truke. Beste hainbeste gertatzen da kirurgia kardiakoaren zerbitzuarekin: Gipuzkoan, Poliklinika Gipuzkoarekin dago hitzartuta, eta, guztira, 13 milioi euro bideratzen dira urtero horretara.

Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro nabarmentzen du osasun publikoan egiten duen inbertsioa. Osakidetzako arazoak profesionalen balizko eskasiari egozten die. Argi geratzen da, ordea, osasun pribatuak badituela profesionalak, askotan Osakidetzatik datozenak lan baldintza hobeak erakarrita.

Argi dago 269 milioi horiek zuzenean Osakidetzan inbertituko balira, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko liratekeela.