BASURTUKO OSPITALEA

Osakidetzak hitz eman du neurriak hartuko dituela erditze zerbitzuko bero arazoak konpontzeko

2024/06/21
Urteak dira Basurtuko Ospitaleko erditze zerbitzuak lan baldintza eskasak pairatzen dituela urteko egun askotan, tenperatura handien ondorioz. Orain arte ez da planteatu arazoa konpontzeko neurri eraginkorrik, eta langileen mobilizazioen ondoren, Osakidetzak neurri horiek hartzeko konpromisoa hartu du.

2024ko apirilean, Osakidetzak ez zuen borondaterik Basurtuko Ospitaleko erditze gunean langileek eta erabiltzaileek jasaten zuten bero arazo larria konpontzeko. Bada, ELAk deitutako langileen mobilizazioei esker, ESIko Zuzendaritzak konpromisoa hartu du arazoa konpontzeko neurri errealekin, hala nola, Ondarea sailarekin bilera egingo dute fatxadan neurriak hartu ahal izateko, lau aire girotu ezarriko dira erditze zerbitzuan, isolamendu termikoa duten leihoak, baita estoreak ere argia ez sartzeko. Neurri horiek arazoa konpontzeko nahikoak ez badira, Osakidetzak erditze eremua behin-behinean ospitaleko beste eremu batera eramateko konpromisoa ere hartu du.

ELAk urteak daramatza irtenbideak eskatzen Iturrizarreko langileentzat. Arazoak konpontzeko konpromisoa langileen mobilizazioaren bidez iritsi da. Lan Ikuskaritzak ere behin eta berriz eskatu arren, Osakidetzak ez du neurririk jarri orain arte erditze eremuko baldintzak hobetzeko. Utzikeria horren ondorioz, langileek eta erabiltzaileek tenperatura handiei aurre egin behar izan diete, 38 gradutara iritsi arte, eta arrisku larrian jarri dituzte langileen eta erabiltzaileen osotasun fisikoa. Langileentzat arrisku handiagoa izan da EPI bat jarri behar izatea, saihestu nahi den arriskua bera baino, prozedura jakin batzuk egiteko.

Osakidetzak neurriak hartzeko konpromisoa hartu duen arren, udaren atarian, langileek eta erabiltzaileek tenperatura handiak jasan beharko dituzte datozen hilabeteetan. Hori dela eta, ELAk Osakidetzari eskatzen dio neurriak lehenbailehen har ditzala, eta, hala, langileen lan eta bizi baldintzak hobetu.