Osakidetzak huts egin du osasun sistema publikoaren arazo larriak konpontzeko deitutako negoziazio mahaian

Osakidetzako langileek zein herritarrek masiboki egindako mobilizazioen ondoren, Osasun Sailak uko egin dio mobilizazio horien deialdia egin duten sindikatuekin biltzeari, eta negoziazioa edukirik gabeko eremu batera estrapolatu nahi du, beste sindikatu batzuek parte hartzen duten mahaira, hain zuzen ere, Osakidetzaren pasibotasunaren aurrean bi greba egun deitu dituzten sindikatuak alboratuz.
Gauzak horrela, berriz ere negoziatzera dei egiten diote Osakidetzari, konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko, hori bai, xantaiarik eta propagandarik onartuko ez dutela jakinda. Benetako negoziazioa eskatzen dute, konponbide eta hobekuntza zehatzetan eragina izango duten edukiekin. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dute berriro mahai sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dute.
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGTren esanetan, Osasun Sailak normaltasun plantak egiten jarraitzen du, errealitatea propaganda-ekintzen bidez estaltzen saiatuz. Izan ere, negoziazio-bilera batera joateari uko egiten dion bitartean, Osasuneko sailburua osasun-langileei eskainitako plaza bat inauguratzera doa. “Osakidetzako langileek ez dute propaganda-ekintza hutsen beharrik, eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko lan-baldintza duinak behar dituzte. Baina argi dago Osasun Sailak ez duela entzun nahi langileen zein gizartearen aldarria, azken aldiko mobilizazioetan agerian geratu dena”, deitoratu dute.
Azkenik, salatu dute Osakidetzako zuzendaritza berriak sindikatuek salatzen dituzten egoerak okertu besterik ez dituela egiten. Azken hilabeteetan egoerak okerrera egin du, eta langileak mesprezuz tratatzen dituzte, eta ondorioz, baita herritarrak ere.