Osakidetzak iragarritako EPEa ez da nahikoa, ez du adostutakoa betetzen eta hizkuntza-eskubideen urraketak sektorean txarrera egitea ekarriko du
Osakidetzako 2011ko EPEaren oinarri orokorren argitalpenaren haritik, ELAk bere salaketa berretsi nahi du ondoko hiru gaien gainean:
1.Negoziazio prozesua eta erabilitako formak:
Sindikatuok 4 alegazio txanda egin genituen eta Osakidetzak horien artean garrantzitsuenak zirenak aintzat hartu gabe, EPEa alde bakarrez abian jartzeko aukera egin zuen. Horrek erakusten du zuzendaritza ez dela gai akordioetara adosteko eta bere kultura erabat antidemokratikoa dela.
2.Lanpostu kopurua:
Ez dira nahikoa, izan ere, lanpostu gabe geratuko baitira sektorean modu jarraian baina aldi baterako kontratuekin lan egiten dutenen erdia baino gehiago. Gainera, mahai orokorrean hitzarturakoa ez du betetzen (5.400 lanpostu).
3.Euskarari ematen zaio tratamendua
Bai Osakidetzaren Zuzendaritzak baita Osasun Sailak ere, gustuko izan zein ez, jakin badakite legearen arabera euskara hizkuntza ofiziala dela eta hala babesten dela. Hala ere, herri honetako gutxiengoaren presioen aurrean men egitea aukeratu dute eta ezin dutenez jaitsi euskarak puntuetan duen pisua, Dekretu batek ez dielako uzten, azterketa-eredua aldatu dute (gaizki erantzundakoak zigortu egingo dira). Horren ondorioz, euskara ez da lehen bezain erabakigarria izango lanpostua lortze aldera. Era berean, bestelako ondorioak ere eragingo ditu erabaki horrek, guztiak ere oso larriak:
- Osasun zerbitzuko langileei ondoko mezua bidali zaie: euskara ez dela garrantzitsua. Horrek eragin dezakeena zera da: gaixo eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen urraketari garrantzia kentzea, non eta iaz gai hori dela-eta salaketa gehien jaso zuen erakundean.
- Lanbide-esperientzia ez da lehen bezain erabakigarria izango eta %27ko behin behinekotasuna duen sektorean hori onartezina da.
Halaber, ELAk salatu nahi du Osasun Saila demagogiaz baliatzen dela bere benetako estrategia ezkutatu nahian, hots, erkidegoko osasun sistema publikoari etengabeko baliabide-murrizteka jasanaraztea.