Osakidetzak Lan Eskaintza Publiko irrigarri baten berri eman du

2014/10/10
ELAk Osasun Sailburuari propaganda burutu aurretik 2011ko LEPa behingoz ebatzi dezala galdegiten dio. Era berean, hautaketa prozesuak behingoz askoz gardenagoak izan daitezela ziurtatzeko eskatzen dugu. Azkenik, LEP honen bitartez askoz jota 350 plaza eskainiko dira, ondorioz, behin-behinekotasunak 700 langiletan haziko da, LEP hau prekarietatearen aldeko apustua da.
Eusko Jaurlaritza propaganda kanpaina batean sartuta dago, eduki errealik gabeko berriak zabaltzen dituzte negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzeko eta Osakidetzako mobilizazioek suposa dezaketen higadurari aurre egiteko. Atzokoan Osasun Sailburuak bi LEP eskaintza egingo direla esan zuen, guztira 350 bat plazakoak.

Berri honen aurrean ELAk honakoa adierazi nahi du:

  • Horrelako deialdi baten berri eman aurretik 2011ko LEPa behingoz ebatzi dezala. Oraindik ere bi kategoria falta dira ebazteko, ia 4 urteren ondoren.
  • Osakidetzari hautaketa prozesuen gardentasuna ziurtatuko duen araudia ezartzea galdegiten diogu, honen bidez prozesua gardenagoa izateaz gain, arinagoa eta oposatzaileentzat ziurragoa den araudia izan beharko genuke. Azken LEP hau desastre bat izan da eta ez du kontrol sozialerako berme nahikorik izan.
  • Esandako plaza kopuruarekin behin-behinekotasuna 700 pertsonatan haziko da Osakidetzan, ia 9000 langilera iritsiko da, ondorioz. ETTek bakarrik daukate Osakidetzaren mailako prekarietatea. Horrez gain, kategoria ezberdinen artean banatuta, benetan ere plaza bat lortzeko aukerak oso txikiak izango dira.
Proposamen honen aurrean dei egiten diogu bai gizarteari bai Osakidetzako langileei mobilizatzen jarrai dezaten, kalitatezko osasun zerbitzu bat eta gutxieneko duintasuna duten lan-baldintzak lortu arte.