Osakidetzak langileen kontratazioetan iruzurrak burutzen ditu
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Osakidetzaren 2013ko Fiskalizazio Txostena argitaratu du. Txosten honetan zerbitzuen kontratazioan egindako irregulartasun batzuez gain, langileen kontratazioan burututako iruzurrak azaleratu dira.
Txostenean aztertu diren langile finkoen 616 kontratuetatik 105etan ez dago izendapenaren prozedura behar bezala dokumentaturik, 35etan zerbitzu eginkizunen kontratazioak duen 2 urteko muga gainditu egin da, 13tan nominako lanpostu funtzionalak eta izendapenak ez dute bat egiten, eta soldata osagarriak ordaintzeko indarrean dagoen erreglamendua ez da bete.
Horrez gain, behin-behineko 68 espediente aztertu dira. Horietatik 18tan, hau da, aztertutako kontratuen %26,47tan, Osakidetzak lanpostu ebentualak sortzeko ezarritako legezko epemugak gainditu ditu. Legearen arabera kontratu hauek asko jota 3 urtez luza daitezke, bestela lanpostu horiek estruktural moduan hartu beharko lirateke eta Lan Eskaintza Publiko batean eskaini beharko lirateke. Osakidetzak iruzur hau burutzen du langileen kontratazioa prekarizatzeko eta langileen artean beldurra zabaltzeko. Lanpostu hauek Lan Eskaintza Publiko bitartez eskainiko balira ez luke inolako kosturik eragingo, eta langileen egoera egonkortuko litzateke.
Aipatutako oker hauek urtez-urte errepikatu izan dira eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez du neurririk hartu beroiek zuzentzeko. Horregatik, ELAk Osakidetzako Zuzendari Orokorrari eta Osasun Sailburuari behar bezalako neurriak har ditzatela exijitzen die.
Osakidetzak ez du inolako baliabide ez tresnarik eskaintzen langileek eta sindikatuok gure kontrol lana burutu ahal izateko eta Giza Baliabideetako Zuzendaritzak iluntasun hau erabiltzen du egiten dituzten iruzurrak estaltzeko. Gizarte demokratiko batean gastu publikoaren gaineko kontrolak gardena izan behar du, gehiegikeria hauek ekiditeko neurri eraginkorrena gardentasuna baita. Zentzu honetan, Legebiltzarrak aho-batez onartu zituen Osakidetzan kontratazioan gardentasuna bermatzeko neurriak Ez-Legezko Proposamen baten bitartez, ELAk eskaera hau errespetatzeko exijitzen dio Giza Baliabideetako Zuzendaritzari.