EMERGENTZIAK
Osakidetzak langileen lan baldintzak aldatuko ditu, plantillari eta sindikatuei muzin eginda

Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, Emergentziak Zerbitzuaren berregituraketa iragarri du, aurretik Osakidetzako Mahai Sektorialean negoziatu gabe. Ondorioztatzen denez, berregituraketa horrek zuzenean eragingo die langileen lan baldintzei.
Lehenik eta behin, hiru zentro koordinatzaileak desagertuko direla iragarri du. Gaur egun, zentro horiek fisikoki Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban daude. Alternatiba gisa, "koordinazio zentro birtual bakarra" sortuko da. Ez da azaldu horrek zein eragin izango duen zentro koordinatzaileetan zerbitzua ematen duten 150 langileengan.
Era berean, "kontratu mistoak, Urgentzietakoa eta Emergentzietakoa" sortuko direla iragarri du. Neurri hori ez da berria Osakidetzan. Aurretik, Urgentzietan eta Lehen Arretan lan egiteko kontratu mistoak ere eskaini izan dira, eta horrek lan baldintzen eta zerbitzuaren prekarizazioa dakar.
Iragarritako gainerako neurriak (antolakuntza egitura aldatzea, Oinarrizko Bizi Euskarriko anbulantzien txandak egokitzea, larrialdietako gidariaren kategoria kentzea, egoitzak egokitzea, protokoloak berrikustea...) ez dakigu gaur egun nola eragingo duen plantillaren baldintzetan, ez baitira Mahai Sektorialean aurkeztu.
Agerraldia gorabehera, gaur egun ez dira konpondu larrialdietan dauden arazoak: langilerik eza baliabide guztietan (baseak, koordinazio zentroak, osasun aholkularitza), osasun aholkularitzaren berariazko osagarriaren aitorpena…
ELAk, Emergentzietako sindikatu nagusia izanik, zerbitzuko langileen baldintzei buruzko benetako negoziazioa irekitzeko eskatu du.