Osakidetzak sindikatuekin negoziatu gabe jarraitzen du

2015eko maiatzaren 26az geroztik ez dute bilera-deirik egin, Osasunaren Sektore Mahaian Osakidetzako plantillaren lan-baldintzak negoziatzeko. Giza Baliabideen Zuzendaritzak abenduan iragarri zuen negoziazioei berriro ekingo diela, baina ezer ez. Non geratu da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, 1592 orduko urteko lanaldira itzultzekoa? Non geratu dira lanbide-garapenaren eta ordezpenen arloetako konpromisoak?
Osakidetzak ez du oraindik zehaztu nola itzuliko dituen 2012ko aparteko ordainsaria edo antzinatasun-egunak. Ertzaintzan eta Justizia Administrazioan gauza horiek emanda daude, eta Estatuko administrazioen artean bakarrenetarikoa da oraindik puntu horiek argitu gabe dituena.
Autonomia-hauteskundeak gero eta hurbilago daude, eta inaugurazioak ugalduz doaz. Hala ere, administrazio honek ez omen du denborarik plantillarekin hitzemanda duena negoziatzeko. Ordezkari sindikalok berriro agertu nahi ditugu gure eskakizunak: egonkortasuna 3.000tik gorako plazako EPE baten bidez, ordezpenak lehen egunetik, plantillarekin adosturiko lanaldira itzultzea, eta 2011ko lanbide-garapenaren deialdiak amaitutzat jotzea.
Dirudienez, Osakidetza negoziatzera mugiarazteko, mobilizazioak behar dira. Laster negoziatzeko asmorik agertu ezean, Osakidetzan ordezkaritza dugun sindikatuok mobilizatzeko deia egin beharko diegu langileei. Giza Baliabideen Zuzendaritzari galdatzen diogu lan-baldintzak indarrez ezartzen ez jarraitzeko, eta propaganda egiten ematen duen denbora plantillarekin negoziatzen emateko. Osterantzean, mobilizazioek markatuko dute berriro negoziazioaren erritmoa.