Osakidetzak uko egin dio gizarte-langile plaza bat sortzeari Errioxako Kudeaketa Sanitarioko Unitatean
ELAk jakitera izan duenez, Errioxa ESI sortzearekin batera antolakunde berri horretako Zuzendaritzak kategoria desberdineko plazak sortzea eskatu diola antolakunde zentralari. Zehazkiago esanda, okupazio-terapeuta bat, hiru administrari-laguntzaile eta gizarte-langile bat.
Kudeaketa Sanitarioko Unitatearen erabakia plaza berri hori ez sortzea izan da, lanbide horren eginkizunak beste administrazio batzuetara bideratu daitezke-eta.
Lezako Ospitaleaz ari gara, non pertsonari begirako arreta ageriko kontua den. Ospitale horretan ingresatzen diren gehien-gehienek familiaz kanpoko laguntzak eta euskarriak behar dituzte, dela aldi baterako, dela aldi mugagaberako; eta sarritan ospitaleratzearen arrazoiak gizarte-arazoak edo horien ingurukoak dira.
Horregatik, ez da nahikoa alta ematea. Horren plangintza egin behar da. Eta hor hasten da gizarte-langileen lana. Horiek bideratzen dituzte eragiketak, dituzten eskumenak eta trebakuntzak baliaturik. Bestela esanda, haiek kudeatzen dute kasua.
Osakidetzak bere web-orrian dioenez erreferentzia bat izan nahi du Europako osasun-sistemen artetik berrikuntzak sartzen hainbat arlotan: kronikotasunean, zahartzaroan, menpekotasunean eta segurtasunean. Eta helburu horiek lortze aldera funtsezko ekinbide batzuk proposatu dira: integrazioa, jasangarritasuna eta zerbitzuaren kalitatea.
ELAk galdetzen dio bere buruari nola abiaraziko dituzten horrelako ekinbideak, baldin eta Lezako Ospitalea bezalako esparru batean gizarte-langile bat ez badaukate, koordinazio soziosanitarioa eta baliabideen optimizazioa bezalako lanak aurrera ateratzeko.