Osakidetzak uko egin dio lanbidegarapena negoziatzeari

2016/05/30
ELAk berriro eskaini dio Osakidetzari 2011ko deialdietako lanbide-garapenaren ordainketa ahalbidetzea eta garapen-eredu berri eta zuzen bat ezartzea. Osakidetzak ez du uzten lanbide-garapenaz hitz egiten, eta atzera-eraginez zordundutako 13.255 eurorainoko kopuruei ukatzera behartzen du.

ELAk proposamen bat helarazi zion Osakidetzari 2015eko maiatzean; batetik, lanbide-garapenaren 2011ko deialdiak amaitutzat jotzeko; eta bestetik, plantilla osoarentzako garapen-eredu zuzen bat ezartzeari buruzko eztabaida pizteko.

Osakidetzak uko egin dio ezer negoziatzeari. Edozein negoziazio hasteko, lanbide-garapenaren oraingo eredua onartu behar da, eta 2011ko deialdietan parte hartu zuten 7.000 pertsonen zor metatua alde batera utzi.

ELAk auzitara eraman zuen Osakidetza 2011ko deialdia bertan behera uzteagatik. Epaiketa hori noiz egingo den zain gaude. Irabaztekotan, Osakidetzak 2011ko deialdiak ebatzi beharko ditu, atzera-eraginezko aldia ere barne.

ELAk ez du plantilla bultzatu nahi gatazka judizial batera, guk nahi duguna akordio zuzen bat lortzea da.

Guk gogoan dugun garapen-ereduan deialdi etengabeak egingo dira (oraingo soldata-eskala bikoitzak ezabatuz), emaitza ez dugu utzi nahi arduradunen iritzi subjektiboen menpe, prestakuntza kalitatezkoa izatea gura dugu, eta aukera-berdintasunean eskaintzea plantilla osoari, txiringito sindikalen finantzabide izan gabe. Eta, azkenik, kategoria guztiei soldataren portzentaje berdina ordaintzea nahi dugu.

Baina, ororen gainetik, negoziatu nahi dugu.

Fede onean negoziatzerik ez badago, epaitegien erabakiaren zain geratu beharko gara.

ZORRAK ORDAINDU!, BESTE GARAPEN-EREDU BATEN ALDE!