Osakidetzako Call-Centerra: ez langilerik, ez zerbitzurik

2014/06/25
Osakidetzak aldebakarrez Bilboko Maria Diaz de Haron zegoen call center-a ixtea erabaki du. Eta horretarako ez du inolako azalpenik eman, ez sindikatuoi, ez langileei eta, okerragoa dena, ezta hiritarrei ere. Erabaki honek Osakidetzaren zerbitzua jasotzen dutenengan eragin zuzena baitu. Hasiera batetik aurretik erabakita zutena azken momentuan azaldu digute, besterik ez.

Call center horretatik Osakidetzak ematen zituen hainbat zerbitzu desagertu egin dira, eta berarekin batera 20 lanpostu. ELAk hainbatetan eskatu dio call center-ari buruzko informazioa Osakidetzari, erabakia hartu gabe zegoela erantzuten ziguten beti.

Zerbitzu honetan hasiera batean 24 langile ari ziren lanean, hemendik aurrera 4 besterik ez dira egongo. Eta, erabaki honen ondorioz, hilero 25000 dei galduko dira, asteburuko dei eta zenbaki korporatibora egiten diren deien artean. Dei hauek ez dute erantzunik jasoko, 30 milioi euroko kostua izan zuen makina batera joango dira eta hortik ez dira inora bideratuko. Kasu askotan larrialdiak heltzen dira telefono horietara eta Osakidetzak ez dio honen berri eman gizarteari.

Hau da Osakidetzaren politika, enplegua suntsitu eta zerbitzua okertu.

Eta, ondoren, zerbait gertatzen denean beti bilatzen dute ardura jasango duen errudunen bat.

Gaur egun, oraindik ez daki bularreko minbiziaren inkestekin zer gertatuko den, jakin arren inkesta hauetan datu delikatuak tratatzen direla. Ez dakigu inkesta hauek egiteari utziko dioten ala informazio eta inkesta hauek enpresa pribatuen esku utziko dituzten.

Ez digute informaziorik eman nahi, ez dute gurekin negoziatzeko asmorik, murrizketak aplikatzea bakarrik interesatzen zaie.

Horregatik egiten diogu deia langile zein gizarteari deituko ditugun mobilizazioetan parte hartzen. Aurre egingo diegu eta argi utziko dugu ez diegula murrizketa politika hauekin jarraitzen utziko.