Osakidetzako EPEak ez du %37,8tik gorako behin-behinekotasuna konponduko

2018/02/22
Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darpon jaunak ziurtatu du EPEaren bidez Osakidetzaren plantilla %95ean egonkortuko dela; baina datu hori ez dator bat, inola ere, erakundearen errealitatearekin. Berriz ere Osakidetza egoera idiliko bat islatzen saiatu da. Hala ere, lau zifra baino ez dugu kontuan hartu behar egoera oso bestelakoa dela konturatzeko.

Osakidetzak 35.000 langile baino gehiago ditu, eta horietatik 19.700 baino ez dira finkoak. Bestela esateko, 15.000tik gora behin-behinekoak dira. Testuinguru horretan, Darpon jaunak harro aldarrikatu zuen atzo azken urteetako EPErik zabalena argitaratu duela, 3.335 plaza eskaini direla, kontuan izanik erakundeko behin-behineko langileak 15.000 direla, eta EPEaren prozesua amaitu ostean, behin-behinekotasuna %37,8an geratuko dela.

Osakidetzako enpleguaren egoera eskandaluzkoa da. Izan ere, erakundeko langileak gurpil zoroan bezala dabiltza, urtetan aldi baterako, eta gero EPEak egitera kondenaturik daude, egoera finkoa lortzen duten arte. Hainbesterako, ezen langile askok erretiro-adinera arte jarraitzen baitute aldi baterako egoeran.

Era berean, gizartearen lan-itxaropenekin ere jolasten ari dira, jendea EPEetara ugari-ugari aurkezten baita postu bat lortzeko irrikan, baina helburu hori ia-ia eskuraezina da. Ikusi besterik ez dago izen-emateen bilakaera: lau egun eskasetan 30.000 lagunek eman dute izena.

Hori gutxi balitz bezala, Osakidetzak nahierara erabiltzen ditu oposiziogileak. Oraingo deialdirako, oinarriak erraztu eta gaitegiak mugatuko zituela hitzeman zuen; baina, berriz ere, justu kontrakoa egin du. Azterketak hasteko hiru hilabete baino falta ez direla, oraindik ez ditu argitaratu kategoria guztien oinarriak; eta argitaratu dituenetan hutsak eta okerrak ugariak dira: aurreko EPEetan baino gai gehiago sartu dira, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ez datoz bat, sartu dituzten gai batzuk ez dira egokiak, gaitegia eta bibliografia ez datoz bat, eta abar eta abar.

Azterketak bistan daude, eta prozesua anabasean murgildurik dago, argitaletxeak berak ere ero moduan dabiltza gaitegiak eskakizun berrietara egokitu ezinik.

ELAk Osakidetzari eskatzen dio apustua egin dezala, benetan eta zintzotasunez, enplegu-egonkortasunaren eta kalitatearen alde, horrela, gizarteari eskaintzen zaion arretaren kalitatea ere hobetuko delako.