Osakidetzako langileek beren haserrea adierazi dute bigarren greba egunean

- SATSEk, ELAk, LABek, SME-FFHHek, CCOOek, UGTk eta ESKk mobilizazio gehiago izango direla iragarri dute taxuzko negoziaziorik ez badago
Osakidetzako Mahai Sektorialeko ordezkaritzaren %100 duten sindikatuek (SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK) oso ongi iritzi diote sektorean izan den bigarren greba egun honen jarraipenari.
“Berriro salatu behar ditugu ezarri diren neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak”. Sindikatuen arabera, zerbitzu askotan greba egiteko aukera izan duen jendea salbuespena izan da. “Greba eskubidea honela urratzeak helburu bat du, gure osasungintza publikoa defenditzen dugunon ahotsa entzun dadin eragoztea”.
Sindikatuek esan dute negoziatzeko borondateari eusten diotela, betiere proposamen errealen gainean bada, enplegua sortzea lehenesten bada alegia. “Mobilizazioek ez dute etenik izango Osakidetzak benetan kalitatezko enpleguaren eta zerbitzua hobetzearen alde egiten ez badu, eta garapen profesionalaren ordainak eragin duen eskala bikoitza ezabatzen ez badu”, diote langileen ordezkariek.
Sindikatuek salatu dute “mobilizazioen ondorioz Osakidetzako zuzendaritzak mugimendu xume mediatiko batzuk egin ditu, baina oraindik ez die erantzunik eman plantillaren eta jendartearen beharrizanei. Murrizketak bertan behera geratzen ez diren artean mobilizatzen jarraituko dugu”.
Grebaren deitzaileek Osakidetzako langile guztiei esker ona adierazi diete jendartearekin eta osasun publikoarekin duten konpromisoagatik. “Kaleak bete dituztenek harro egon behar dute, eurak baitira gure osasungintza publikoaren aldeko apustua egin duten bakarrak. Zuzendaritzari ere konpromiso bera izan dezala exijitzen diogu, eta benetako negoziazio bat egitea erabaki dezala”.
Bigarren greba egun honetan Bilboko kaleetan izan den manifestazioaz Osakidetzako sindikatuek oso balorazio positiboa egin dute langileen parte hartzeari buruz.