OSAKIDETZAKO LARRIALDIAK
Osakidetzako Larrialdietako langileen mobilizazioa

Hau da Osakidetzako Emergentziak Langileen Batzordeko kide diren sindikatuek adostutako dokumentu bateratua.
Martxoaren amaieran, Osasun Sailak iragarri zuen Bizi-Euskarri Aurreratu Medikalizatua (BEAm) jarriko zela abian Langraizen, eta 6 medikuk, 6 erizainek eta Osasun Larrialdietako 6 teknikarik osatuko zutela. Emergentziak Osakidetzako beste BEAm-tan 5 mediku, 5 erizain eta 5 tekniko ari gara lanean. Osakidetzako Emergentziak Zerbitzuko Langileen Batzordeak (ELA-CCOO-LAB-SATSE-ESK-SME-UGT) Osakidetzako Emergentziak Zuzendaritzara jo du urteko egutegia, lan-karteldegia, atsedenaldiak, oporrak eta abar nola kudeatuko dituen jakiteko.
Hainbat bilera egin ondoren, eman duten informazioa oso urria da, eta ez du zehatz-mehatz azaltzen urteko karteldegia. Hala ere, Emergentziak Zuzendaritzari jakinarazi digu honako hauek ezarri nahi dituela:
- Urtean 1532 eta 1557 ordu bitarteko karteldegia, lan-baldintzen Akordioan eskatzen den urteko gutxieneko lanaldia (1592 ordu) betetzen ez duena. Beraz, karteldegi defizitarioa da.
- Bi hilabete lehenago eman nahi dute karteldegia, familia-kontziliazioko eskubideak urratuz, ez bait da urte osoko karteldegia ezagutzen.
- Osasun-baliabide berri honetan, oporrak unitateko langileen artean bete beharko dira, hau da, ez da Osakidetzako Kontratazio Zerrendetara joko langileek oporrak hartzeko aukera izan dezaten.
- Arrazoi desberdinengatik eska daitezkeen lizentzia-egunak ere unitateari atxikitako langileen artean bete beharko dira. Horrek etengabeko egutegi-aldaketak dakartza, dakarren prekarietatearekin.
Langileen Batzordea osatzen dugun sindikatuak ez gaude ados Osakidetzako Emergentziak Zuzendaritzak egiten duen planteamenduarekin. Arrazoiak:
- Lan-eskubideak galtzea dakar.
- Ez da zehazten nola beteko diren Osakidetzaren Hitzarmenean jasotako urteko lanorduak eta oporrak.
- Urteko karteldegi osoa nahi dugu urtearen hasieran, gure familia-bizitza planifikatu eta bateratu ahal izateko, premia larriek, premiazkoek edo aurreikusi ezinekoek bakarrik alda dezaketela ulertuta.
- Ezin dira oporrak hartu langileen artean adostutako txandakatzearen arabera, Osakidetzako Hitzarmenean ezartzen den bezala.
- Zerbitzuaren esanetara egon beharra dakar. Zerbitzuaren beharrak une oro bete ahal izateko eta, horrela, urteko orduak betetzen direla bermatzeko.
- Zuzendaritzaren aldetik ez dago negoziatzeko borondaterik.
- Egungo Emergentzietako Zuzendaritzak Langraizko eredu hori gainerako Emergentzia taldeetara zabaldu nahi duela aurreratu du.