Osakidetzako mahai sektorialean ez dago aurrerapenik

Aurreko Mahai Sektorialetik hilabete igaro ondoren ELAk negoziazio proposamen serioa espero zuen, baina hori beharrean EPEko plaza igoera irrigarri batekin egin dugu topo, 10 plaza besterik ez 8000 behin-behineko eta urtero 500etik gorako erretiroak dauzkan enpresa batean.
Giza Baliabideen Zuendaritzak behin-behineko kontratazioak 2012ko mailara igotzea ere eskaini du, hau da, jardunaldi igoeraren ondorioz suntsitutako 1481 lanpostuak berreskuratzeko aukera. Baina Zuzendaritzak ez du zehaztu kontratazio horiek ze irizpideren arabera egingo diren, ezta kontratu horien kalitatea zein izango den edo kontratazio horiek burutzen direla ziurtatzeko kontrol-tresna errealik egongo den. Berriz ere zehaztapenik ez daukan iragarpen mediatiko baten aurrean gaude.
Proposamen honen aurrean sindikatu guztiok suntsitutako lanpostuak berreskuratzea eta behin-behineko 8000 lanpostuak finkatzea eskatu dugu. Osakidetzak bai Ertzaintzan bai Bizkaiko Foru Aldundian izandako borondate politiko bera izatea exijitu dugu, ez gehiago ezta gutxiago ere. Argi dago apustu hori ezin dela egin EAEn Europako osasun gastuan ia azkenak baldin bagara edo ELGEko gastuarekiko 1200 milioiko defizita baldin badugu, eta aurrekontu aurreproiektuak hori aurreikusten du.
Negoziaketa borondate falta honen aurrean sindikatuok mobilizazio egutegia mantendu dugu. Grebaz-greba mobilizazio hauek hazten ari dira eta are gehiago haziko dira. Zuzendaritzak hautatu beharko du abenduak 4an mobilizazioak bukatzea nahi duen ala udazken bero baten ondoren neguan kiskaltzea.
Euskal Herrian, 2014ko azaroaren 24an