Osakidetzako sindikatuak ez dira joan Basurtuko Ospitaleko bihotz-kirurgiaren lekualdaketari buruzko informazio-bilerara

2022/05/20
ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE eta USO ez dira joan Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgia lekualdatzeko Osakidetzak deitutako bilera informatibora, erabaki horren kontra daudelako, baita erabaki hori hartzeko prozeduraren aurka ere. Gauzak horrela, sindikatuek Osakidetzari eskatu diote birplanteatu dezala bere proposamena, lehenetsi ditzala bere ardurapean dituen langileen lan-baldintzak, eta bere gain hartu dezala osasun publikoarekiko, pazienteekiko eta herritar guztiekiko duen erantzukizuna.

Maiatzaren 18an gertatu zen bezala (sindikatuak mahai sektorialetik altxatu ziren, negoziaziorik eta edukirik ez zegoelako), beste behin ere, Osakidetzaren asmoa da sindikatuak informazio jasotzera mugatzea, besterik ez. Hau da, zerbitzu horren lekualdatzea (Gurutzetako Ospitalera) negoziatzeko negoziaziorako legezko prozesuari muzin egin nahi dio, sindikatuen parte hartzea ezabatuz.
Joan den maitzaren 18an, Osakietzako Zuzendaritza Nagusiak deitutako Mahai Sektorialean, saiatu zen sindikatuei Mahai Sektorialean jakinarazten, zer urrats egin dituen eta zeintzuk egingo dituen, Basurtuko Ospitaleko Bihotz Kirurgiako zerbitzua Gurutzetako Ospitalera eramateko. Egun horretan bertan,  arratsaldean,  berriro saiatu zen bilera hori berriro egiten. Oraingoan, Bizkaiko Arreta Espezializatuko Langileen Batzordeari eta Basurtuko Ospitaleko Enpresa Batzordeari egindako zitazioaren bidez. Deialdi horretan, hilaren 20rako deituta, Osakidetzak dokumentu bat bidali zien sindikatuei, zerbitzuaren lekualdaketaren azken erabakia jasotzen duena, aldez aurretik legez ezarritako negoziazio-prozedura errespetatu gabe. "Horrek, berriro ere, urratu egiten du sindikatuek negoziazio kolektiborako duten eskubidea, eta berriro ere agerian uzten du beren fede txarra eta negoziatzeko borondate eza", kexu dira sindikatuak.

Gogoratu behar da Osakidetzak 2019an ekin ziola bide horri, eta bertan behera geratu behar izan zela bizi izan dugun ezohiko krisiaren ondorioz. Hala ere, 2022an, berriro jarri zuen mahai gainean murrizketak inposatuko lituzkeen proiektu hori (Osakidetzaren beraren txostenetik ondorioztatzen dena):

• Gaur egun Basurtuko Ospitalean lan egiten duen plantilla murriztea planteatzen da (zerbitzuko langileak, zelariak, erizaintzako laguntzaileak, erizainak, fakultatiboak), besteak beste, Allende Pabiloian 10 ohe itxi nahi baitira.
• Gurutzetako Ospitaleko zerbitzuak gehiago gainkargatzen dira, nahitaez lekualdaketa horren eragina izango baitute, eta dokumentuak ez du inolako errefortzurik edo hedapenik jasotzen.
• Gaur egun 400.000 pertsona baino gehiagoko biztanle-gune bati eskaintzen zaion zerbitzu bat murriztuko litzateke eta horrek osasun sistema publikora jotzeko eskubidea urratzen du.
• Pribatizaziorako urrats gehiago egingo lirateke.