Osakidetzako sindikatuek propagandistikotzat jo dute biharko bilera, ez baitu sindikatuen arteko aldarrikapenik jasotzen

2020/11/25
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGTk Osakidetzari eskatu diote propaganda ekitaldiak alde batera uzteko eta sindikatuekin benetako negoziazioa irekitzeko Osakidetzaren egiturazko arazo larriei aurre egiteko, pandemiarekin areagotu egin baitira.

Sindikatu horiek salatu dutenez, nahiz eta beren-beregi eskatu, Osakidetzak ez du azaroaren 26ko bileraren gai-zerrendan sartu sindikatuek hainbat mobilizazio deitzea eragin duten aldarrikapenetako bat bera ere, besteak beste, lurralde bakoitzean greba egun bat deitzea. Laburbilduz, biharko bileran ez da proposamen edo neurri bakar bat ere sartzen osasun-sistemak dituen egiturazko eta sakoneko arazoei aurre egiteko, azken urteotako murrizketa-politiken ondorio baitira arazo horiek. Osakidetzak foro hori bere intereserako erabiltzen du berriro, zentroetan bizi den errealitateari bizkarra emanez.

Are gehiago, aztergaien zerrendatik eta sindikatuei igorritako dokumentaziotik ondorioztatzen da Osakidetzaren plana langileak zukutzen eta gehiegi kargatzen jarraitzea dela, eta inola ere ez indartzea edo gabezia larriei heltzea. Birusa agertu zenetik, lana modu esponentzialean ugaldu da eta, egoera honetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira iristen ez diren errefortzuak.

Lehen olatu hartatik 8 hilabetera, irizpidea aurreztea da oraindik, bai giza baliabideei dagokienez, bai baliabide materialei dagokienez. Eta errezetak martxoko berberak dira: COVID 19 ez diren gaixotasunen asistentzia etetea edo atzeratzea, horrek herritarrei osasuna ematea baitakar; eta jada agortuta dauden langileak zukutzen jarraitzea, berriz ere beren lanaldiak sistematikoki luzatzera, atsedenaldiei eta oporrei uko egitera, txandak bikoiztera, eguneko lan-karga jasanezinak jasatera, lantokia edo lan-zerbitzua aldatzera, etab.