ELAk Osakidetzarako Garapen Profesionaleko eredu berri bat eskatu du

2019/11/20
Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzia eskatu dio ELAk Osakidetzari, “irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe”. Era berean, Osakidetzak atzerakin guztiak ordaintzea exijitu dio; ian ere, orain arte ordaindu dituenak baino gehiago zor du. ESKrekin batera elkarretaratzeak deitu ditugu aste honetarako Gurutzeta, Santiago eta Donostia Ospitaletan arlo honetan ematen diren diskriminazioak salatzeko.

Osakidetzak justiziak agindutakoa bete egin du eta urriko nominan, garapen profesionaleko 2011ko deialdiko atzerakinak ordaindu egin ditu.

Epaitegiek Osakidetza zigortu egin zuten eta behartu zuten bertan behera utzi zuen deialdiaren osagarriak ordaintzera, atzerakinak barne. Epaian aitortu zenez, Osakidetzako 10.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren. Epaia ELAk egindako salaketaren ondoren etorri zen.

Baina orain ordaindu duena garapen profesionalarengatik daukan zor osoaren zati bat besterik ez da. Osakidetzak soldata eskala bikoitza sortu egin du langileen artean: batetik, lanbide-garapenera sartzea eta hori kobratzea izan dutenak, eta bestetik, merezimendu berdinak eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du ELAren esanetan. “Osakidetzak garbi adierazi du ez daukala deialdi ezarengatik zor dituen atzerakinak ordaintzeko asmorik, baina lan berdinak, soldata berdina izan behar du. Osakidetzarentzat, lehen mailako eta bigarren mailako langileak daude”.

Egoera honen aurrean ELAk hurrengoa aldarrikatzen du:

1.- Deialdi-ezagatik kalteturik dauden langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzea, gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitzarekin amaitzeko. Eta ordainketa horiek egin behar zaizkie, langile guzti horiei, atzerakinekin. Osakidetzak atzerakin guztiak ordaindu behar ditu, orain ordaindu dituenak baino gehiago zor bait ditu.

2.- Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzea, irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe; oraingoa ez bezalako beste eredu bat adostearren. ELAk hasieratik agertu zuen bere desadostasuna oraingo ereduarekin, eta ordezko aukerak proposatu zituen.