Osakidetzaren arbuioa Arabako errehabilitazio-zerbitzuari

2014/12/01
Arabako Unibertsitate Ospitaleak obren plana aurkeztu dio Errehabilitazio Zerbitzuko plantillari. Plan batetik bestera Zuzendaritzak bat-batean asmatu ohi ditu aldaketak, zerbitzuko langileei zerbitzuaren beharrizanak zein diren azaltzeko aukerarik eman gabe.
Errehabilitazio Zerbitzua Arabako hiru ospitaletan ematen da (Santiago, Txagorritxu eta Leza), eta azken urteotan hainbat obra egin da instalazioetan. Ondoz ondoko obra horiek dirua xahutzea izan da. Gainera, obra-plan berri horren arabera zerbitzua emateko eremuak estuagoak izango dira, irisgarritasun zailagoko lekuetan kokatuko dira, eta larriagoa dena, Txagorritxu Ospitaleko igeritoki terapeutikoa kenduko da.

Zuzendaritzak dio igeritokia ez dela ezinbestekoa, eta Gasteizek igeritoki nahikoak dituela kiroldegietan. Gipuzkoan ere igeritoki terapeutikoak itxi zituzten, eta zerbitzu hori azkenean pribatizatu da, Matia enpresarekin egindako itunen bidez. Txagorritxuko igeritokia ixten badute, antzeko egoeran amaituko genuke.

Bide batez ELAk salatu nahi du errehabilitazio-zerbitzuaren kontratazio-sistemaren gardentasunik eza, eta hori dela-eta zuzendaritzatik hurbileko pertsonak kontratatu izana. Arabako Unibertsitate Ospitaleko beste zerbitzu batzuetan bezala, kontrol eta gardentasun faltaren ondorioz kontratazio irregularrak egin dira.

Errehabilitazio-zerbitzua oso ondo baloraturik dago gizartean, baina Zuzendaritzak hartu izan dituen erabakiek, bai obra-arloan, bai kontratazio-arloan, arriskuan jarri dute zerbitzuaren etorkizuna. Gainbehera joate horren amaiera zerbitzuaren pribatizazioa izango da, itunen bidez egingo dena; edo bestela, jendeak fisioterapeuta pribatuengan bilatu beharko du Osakidetzak eskaintzen ez duena.

ELAk eskatzen dio Arabako Unibertsitate Ospitaleko Zuzendaritzari azterlan bat egiteko, plantillaren parte hartzeari irekia, horiek baitira zerbitzua eta beharrizanak hobeto ezagutzen dituztenak. Halaber, Txagorritxuko igeritoki terapeutikoaren itxiera salatzen dugu. Eta azkenik aldi baterako kontratazioa kontrolatzeko moduko prozedura garden baten arabera egitea eskatzen dugu, “kutunkeria” saihestearren.