Osakidetzaren egoera larria pandemia baino lehen Jaurlaritzak ezarritako murrizketen ondorio zuzena da

2022/01/27
ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak dioenaren aurka, Osakidetzak gaur egun bizi duen egoera larria -Profesionalen ihesa, inbertsio falta, murrizketak, prekaritatea, pribatizazioa eta behin-behinekotasuna- egiturazko arazoa da eta pandemia baino lehenagokoa. Sindikatuaren esanetan, COVID-19ak larriagotu egin du aspaldidanik jasangaitza zen egoera, eta gogorarazi du 2019an hiru greba egun deitu zituztela Lehen Mailako Arretan. ELAk adierazi du Eusko Jaurlaritza dela osasun publikoko zerbitzuaren murrizketaren erantzule zuzena. Izan ere, 2022rako 2021ean inbertitutakoa baino 17 milioi gutxiago aurreikusi ditu Osasun Sailak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehenean, urtarrilaren 24an, adierazi zuen Osakidetzaren egoera kezkagarria dela, beti ere, pandemiaren eraginez, alegia, koiunturala dela azpimarratu zuen. Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela adierazi zuen Sagarduik, ez baitago familiako medikurik, ezta pediatrarik ere. Bada, Jaurlaritzaren erantzukizuna ezkutatzeko saiakera hutsa dela kritikatu du ELAk.


Izan ere, egia da familia medikuak eta pediatrak topatzeko zailtasunak badirela, baina Osasun Sailak azken urteotan hartutako erabaki politikoen ondorioa da hori, ELAk 2020ko abenduan agerian utzi zuen moduan, EAEko eta Nafarroako osasun sistemaren egiturazko hutsunei buruzko txostenean. Dokumentu horretan adierazitakoaren ildotik, ELAk Osakidetzaren egiturazko gabezia hauek aipatu nahi ditu:

Egiturazko gabeziak

  • Belaunaldi erreleboa gauzatzeko erabateko planifikazio falta: plantillaren batez besteko adina 50 urtekoa da. Hamarkada bat baino gehiago darama ELAk Osakidetzari jakinarazten familiako medikuen eskasia egongo zela, Barneko Mediku Egoliarrak (BAME) baino profesional gehiago erretiratuko zirelako. Osakidetzaren erantzuna ezer ez egitea izan da: osasun publikoaren kolapsoa eta pribatizazioa justifikatzeko erabili dute profesionalen faltaren aitzakia. BAMEak ez dira lehentasun izan ez Jaurlaritzarentzat, ez EAJrentzat, eta Gasteizko gobernuak onartu du Madrilek azken hamarkadetako Osakidetzaren enplegu beharra erabakitzea.

  • Profesionalen ihesa lan prekaritateagatik: Osakidetzaren tratu txar sistematikoa dela eta, profesionalak lehen mailako arretatik beste espezialitate batzuetara pasa dira, osasun pribatura jo dute edo atzerrira alde egin dute. Medikuen Elkargoaren datuen arabera, 2019an, pandemia baino lehen, 4.100 egokitasun ziurtagiri eman zituen atzerrira ateratzeko, hau da, aurreko urtean baino %18,7 gehiago. Familiako medikuntzako profesionalek egin zituzten eskaera gehien. Zoritxarrez, beste esparruetan ere halakoak gertatzen dira. Esaterako, erizaintzan edo administrazioan, prekarietatea dela medio. Lan baldintzak onak balira, Osakidetza erakargarriagoa izango litzateke, baita estatu espainiarreko beste profesionalentzat ere. Hori ez da gertatzen. Era berean, lan gainkarga sistematikoagatik, profesional askok erretiroa hartzea erabakitzen dute ahal bezain pronto.

    Erosahalmenaren %18ko galera azken hamarkadan: profesionalek %18ko erosahalmenaren galera izan dute 2010etik gaur arte, eta adostutako karrera profesionala ez da betetzen 2011tik. Eragina du horrek profesionalen galeran.

  • EAEko ETTrik handiena da Osakidetza: Administrazioak berak emandako datuen arabera, 2021eko otsailean Osakidetzako langileen %58 behin-behinekoa zen. 24.600 lagun zeuden egoera horretan, onartezina dena. Horietatik ia 9.000 langilek dute 8 urte baino gehiagoko antzinatasuna. Osakidetza da EAEko ETTrik handiena. Gainera, Osasun Sailak proposatutako konponbidea zera izan da: 3.500 plazako LEP arrunta onartzea, Gasteizen eta Madrilen enplegu publikoa egonkortzeko onartutako prozesuak ahalbidetzen dituzten legeak kontuan hartu gabe. Bestetik, eguneroko lana eta LEParen prestaketa aldi berean egitera behartzen ditu langileak.

    Europako batez besteko inbertsio publikotik urrun: Europako Batasuneko azken datu konparatiboak 2019ko ekitaldiari dagozkio. Urte horretan, aurrekontu publikoek EAEn BPGaren %5,1 bideratu zuten Osasunera; Europako Batasuneko batez bestekoa, berriz, BPGaren %7,1 izan zen. Horrek esan nahi du Europako batez bestekoa lortzeko Eusko Jaurlaritzak osasunean duen aurrekontua %40 handitu beharko litzatekeela (hau da, 1.700 milioi euro).

    Duela 10 urte baino aurrekontu txikiagoa Osasun Sailarentzat: propaganda egin bai, baina datuek erakusten dute EAEn 2021eko osasun inbertsioa BPGaren %0,3 txikiagoa izan dela 2010ekoarekin alderatuta. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak 2022rako egindako aurrekontu proiektuak 4.352 milioi euro osasunera bideratzea proposatzen du, 2021eko ekitaldian gastatutakoa baino 17 milioi gutxiago. Gainera, EH Bilduren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aurrekontu akordioa partida txiki batzuk lekuz aldatzera mugatzen du, aurrekontu proiektuaren zenbateko osoa handitu gabe. Doikuntza horietako bat izan da Osasunari hasieran aurreikusitakoa baino 30 milioi gehiago ematea (ez da sailaren aurrekontuaren %0,7 ere), eta horrek ez du konponduko inola ere osasun zerbitzu publikoaren arazoa. 4.382 milioi euro ez dira aski.

    Horrez gain, akordiotik funtsezko hiru kontu ondorioztatzen dira: aipatutako 30 milioi horiek 2022. ekitaldirako eta hurrengoetarako dira; indarrean dagoen Oinarrizko Osasun Laguntzako Estrategia garatzen jarraitzea erabaki da, egoera okertu besterik egin ez duena; eta Etengabeko Arreta Zentroen inguruko azterketaren bidez, egungo zentroak itxi edo ordutegia murriztu nahi da (pandemian gertatu den bezala). Beraz, Jaurlaritzaren honako aurrekontu politika baten aurrean gaude: ahalik eta gasturik txikiena lehenesten duena, nahiz eta horrek zerbitzu publikoen kalitatearen kalterako izan (eta, bide batez, osasun zerbitzu pribatuen negozioa sustatu, seguru pribatuen kontratazioak gora egin baitu nabarmen: azken hamarkadan aseguru pribatuak %22 igo dira, eta horrek esan nahi du EAEko hamar herritarretik lauk aseguru pribatua duela).

    Herrialde industrializatuetako (ELGA) batez bestekoa baino mediku eta erizain gutxiago dago: ELGA osatzen duten herrialdeetan, 1.000 biztanleko 3,6 pertsona daude batez beste medikuntzan, eta erizaintzako pertsonalaren tasa, berriz, 8,8koa da 1.000 biztanleko. EAEn batez besteko horren azpitik daude, eta herrialde industrializatuenetatik oso urrun: 1.000 biztanleko 2,3 baino ez dira medikuak, eta erizaintzako langileak 7,8 dira (erizaintzako laguntzaileak barne).

Ikusten denez, Jaurlaritzak gure inguruko herrialdeetan ohikoa dena baino askoz baliabide gutxiago eskaintzen dizkio osasun sistema publikoari, bai baliabide ekonomikoak zein giza baliabideak. Baliabide falta hori osasun sistema publikoaren kalitatearen eta langileen lan baldintzen kalterako da. Egoera hori areagotu egin da pandemiarekin, gainera.

Kudeaketa falta pandemian

  • Bajak, erretiroak eta bestelako hutsuneak ez dira ordezkatzen.

  • Bezeroarentzako arreta arloko langileen artean ere lan gainkarga jasanezina.

  • Erizaintzako agenda onartezinak.

  • Murrizketak NPBetan.

  • 4.000 profesional gutxiago urrian.

Premiazko neurriak

Egoera horren aurrean, neurri sakonak behar dira Jaurlaritzak pertsonen osasunarekin duen konpromisoa benetakoa izan dadin, kalitatezko osasun sistema publikoa bermatuta, besteak beste, lehen mailako arretaren presentzia berreskuratzeko eta modu egokian egiteko. Besteak beste, neurri hauek hartu behar dira:

  • Osasun arloko gastu publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea: BPGaren %7, eta %25 lehen arretara bideratzea.

  • Sare publikoa indartzea: osasun publikoaren alde egitea onura pribatuaren aurrean. Beharrezkoa da pribatizazioak aldatzea, osasun publikoaren estaldurak handitzea eta oinarrizko arreta nabarmen sustatzea.

  • Osasun publikorako sarbide unibertsala: pertsona guztiei osasunerako eskubide unibertsala eta doakoa bermatzea.

  • Egiturazko 5.000 lanpostu gehiago sortzea.

  • Behin-behineko milaka langile kontsolidatzea.

  • Hutsune eta erretiro guztien berehalako estaldura, lehen egunetik.

  • Soldata murrizketa guztiak itzultzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzea.

  • NPBetan aplikatutako murrizketa guztiak bertan behera uztea.

  • Malgutasun eta lana bateratzeko neurriak sustatzea.

  • Herritar guztientzako arreta presentziala berreskuratzea.