Osakidetzaren sektore-mahaia: gaurko mahaian, lehengo lepotik burua: inposizioetan ugari bezain negoziazioetan urri

2013/12/23
ELAk ohartarazten dio Osakidetzari: horrela jarraituz gero, dabilen bideak harrapatuko duela, eta bera izango dela errudun bakarra

ELAk etsigarria deritzo gaurko Osakidetzaren Sektore Mahaiaren bilerari. Osakidetzako Zuzendaritzak bere egintza bururatuen politikari eusten dio, eta enplegua suntsitzen eta murrizketak mantentzen jarraitzen du.

Gaur, abenduak 23, egindako bileran ordezkari sindikalen proposamenak gogoan hartzera mugatu da Zuzendaritza, puntu bat bera ere onartu edo negoziatu gabe. Ekarpen soil moduan jaso ditu gure proposamenak, eta egokitzat joz gero, aintzakotzat hartuko ditu.

Osakidetzaren Zuzendaritzak ez du erakusten batere negoziazio-borondaterik; eta horrek, ELAren ustez, hauspo emango dio Osakidetzaren asaldatze-giroari.

Osakidetzaren jarrerak sindikatuen aho batezko erantzuna lortu du. Izan ere, Sindikatuek batera salatu dute negoziazio-eza, zeren Osakidetzak gehienetan egiten duena ez da besterik aldez aurretik hartu dituen erabakien berri ematea baino, eta horrela, esparruak eta negoziazio-kontzeptua bera ere baliogabetzen ari da.

Osakidetzak herritarrei zabaltzen dizkien informazioak ez ditu gero mahaietan negoziatzen; horra hor, 65/67 urteetako nahitaezko erretiroen ekimen sonatua (gero berriro entzun ez duguna), eta egituraketa berriaren kudeaketa Bizkaian ESIen bidez. Beste batzuetan, ordea, gure balioespenak eskatzen dizkigu, baina horrela jotzen du amaitutzat negoziazioa.

Osakidetzak lanpostuak suntsitzeko eta murrizketak mantentzeko politikari eusten badio, eta negoziatzeari ekiten ez badio, bera izango da gatazkak areagotzeko errudun bakarra, eta hala ohartarazi diogu.