OSASUN ITUNA (OSAKIDETZA)
Osasun Ituna duela zortzi hilabetetik hona Osakidetzaren arazo larriak estaltzen ari da

Duela zortzi hilabete Ituna abiatu zenetik Osasun Sailak saldu nahi izan du akordioan oinarritutako benetako lana egiten ari dela eragileekin, eta lan horren emaitza gisa funtsezko erabakiak hartuko direla Osakidetzaren arazo estrukturalei aurre egiteko. Haatik, egungo arazo horiek Eusko Jaurlaritzak urtetan hartu izan dituen erabaki politikoen ondorio dira; konpontzeko erabaki politikoak ere Jaurlaritzaren esku daude, eta argi dago Ituneko partaideek ez dituztela erabaki horiekiko interes eta ardura berdinak. Kontutan izan behar da besteak beste Confebask, unibertsitate pribatuak eta alderdien artean PP bera ere hor direla. Hau da, sindikatuek, alderdiek eta Mahaiko gainerako partaideek bat egin dute Jaurlaritzaren estrategiarekin, herritarrak baretzen saiatzeko asmoarekin.
ELAren iritziz argi dago Osakidetzak beste zerbait behar duela: osasun publikorako aurrekontua handitzea, arlo pribatura bideratzen diren bitartekoak murriztea eta langileen baldintzak hobetzea. Sindikatu honek uste du horretarako Mahai Sektorialera benetako edukiak eraman behar direla, eta egiaz negoziatu behar dela han. Osakidetzak premiazko eta egiturazko aldaketak eskatzen ditu, ez haren ordezko mahai berriak.
Datuek hala islatzen dute:
- Oraindik ere murrizketak egiten dira. Hainbat zentro itxita dituzte eta Lehen Arretan urtean 180 egunez zuzeneko murrizketak egiten dira (itxierak eta ordutegi laburragoak). Honi buruz hartutako neurriak azalekoak izan dira, besterik ez. Urtarrilean Gasteizko San Martin EAG berriz ireki zenean ordurarte Olagibel EAGko lantalde berarekin izan zen. Santiago Ospitaleko larrialdiekin gauza bera gertatu zen: martxoaren 31n berrireki zen zerbitzua, baina Ospitalak zeukan langile kopuru berarekin. Hots, bi zentro berriz irekiagatik ere, baliabiderik ez zen gehitu.
- Zerbitzu sanitario pribatuetara bideratzen den inbertsioa gero eta handiagoa da. 2024ko ekitaldian, Sailak berak emandako datuen arabera, Osakidetzak guztira 300 milioi euro jarri zituen osasungintza pribatuko zerbitzu eta deribazioak finantziatzeko, hau da, aurreko ekitaldian baino % 11,5 gehiago. Gainera, 2023ko ekitaldian dagoeneko gastua % 9 handiagoa izan zen, 269 milioi euro izateraino hazi baitzen.
- EAEko osasun aurrekontuaren pisua gero eta txikiagoa da. Gogora dezagun Europako batez besteko inbertsioa BPGaren % 8koa dela. Haatik, 2021ean osasun publikoko gastua BPGaren % 5,62koa izan zen, baina Jaurlaritzaren Osasuneko gastua 2024rako are urriagoa izan da: BPGaren % 5,13. Hori gutxi balitz, Osakidetzako langile-aurrekontua 2024an soilik % 1,1 handitu da 2023ko itxierarekiko.
- Osakidetzaren datuen arabera, aurtengo otsailaren 28an behin-behineko 24.091 langile zituen; hauei batu behar zaizkie iraupen laburreko aldi baterako kontratua zuten beste 3.000 behargin. Beraz, guztira behin-behineko 27.091 langile (guztira 46.200 direlarik), hau da, lantaldearen % 50etik askoz gorago (% 58). Ezegonkortasuna profesionalentzat konstante bat da.
- Horrenbestez, Osakidetzak osatu gabe ditu hainbat kategoriatako 1.641 lanpostu. Horietatik 161 erizaintzakoak dira, eta 418, espezialitate ezberdinetako medikuntzakoak (horien artean 123 familia-medikuenak). Gure osasun-sistemaren gabeziak azaltzeko Osakidetzak behin eta berriz dio langilerik ez dagoela, baina ez da egia kontratatzeko adina medikurik ez dagoenik. Ez dagoena da lan-baldintza eskas horiek onartzeko prest dagoen profesionalik. LEPean osatzeko zailak diren lanpostuetarako 845 profesionalek eman dute izena, besteak beste 653 familia-medikuk. Beraz, argi dago lan-merkatuan badirela profesionalak.
Egoera hau ikusirik, ELAk galdera bat egin nahi die Osasun Itunean parte hartzen ari diren sindikatu, alderdi politiko eta beste eragileei: Benetan ote da hau Osakidetza onbideratzeko modua?