OSAKIDETZA

Osasun Itunean aurkeztutako diagnostikoak erakusten du ez dela aldaketa nabarmenik izango

2024/10/09
Sindikatua kexu da Osasun Sailak aurkeztutako azterketan ez delako azaltzen zeintzuk diren Osakidetzaren narriaduraren arrazoiak. ELAren ustez, ez bada aztertzen zergatik okertu den Osakidetzaren egoera, ezinezkoa izango da ondoren konponbideak topatzea. Gauzak horrela, sindikatuak berriz dio “antzezlan” hutsa dela Osasun Itunean parte hartzea, bertan ez delako planteatuko sakoneko aldaketarik.

Osasun Sailak osasun itunean parte hartzen duten eragileei aurkeztutako diagnostikoa aztertu du ELAk. Azterketa horren ondoren, ELAk berretsi erabaki ona dela foro horretan parte ez hartzea; izan ere, egindako diagnostikoaren arabera, balizko itunak ez baitu funtsezko aldaketarik ekarriko osasun zerbitzuan.

Gaixotasunaren prebalentziari, populazioaren analisiari edo aurreikuspen demografikoei buruzko makina bat datu eskaintzen ditu dokumentuak, baina ez du azaltzen zergatik dagoen Osakidetza gainezka eta zergatik ez den gai kalitatezko osasun arreta eskaintzeko. Egungo egoeraren arrazoiak aztertzen ez badira, ezinezkoa da konpondu beharreko arazoei heltzea.

ELAk dio azken hamarkadetako aurrekontu politiken ondorioz, egiturazko baliabideak falta direla, eta COVID-19aren pandemiak kolapsatu egin zuela osasun sistema. Aurkeztutako diagnostikoak ez du gastuaren bilakaerarik eskaintzen, eta ez du datu konparatibo egiazkorik ematen. Esate baterako, osasungintzako gastu publikoa gure inguruko herrialdeetakoa baino askoz txikiagoa da, baina txostenak ez du jasotzen.

ELAk agirian lantzen ez diren zenbait gai aipatu nahi ditu, hala nola:

  • Ez da aztertzen desberdintasun sozialek populazioaren osasun adierazleetan duten eragina. Osasunaren zaintzari ezin zaio soilik osasun arretatik heldu, beharrezkoa baita diziplina anitzeko azterketa egitea.

  • Ez dira aztertzen EAEk osasun arloan dituen eskumen mugak. Adibidez, prestakuntza arloko eskumenik ez dagoenez, ezin da bultzatu profesionalen belaunaldi erreleboaren premiazko arazoa; hala ere, auzi hau alde batera utzi da.

  • Ez da jasotzen gobernantza eredua, ezta Osakidetzan dauden presio taldeak ere, aurreko LEPeko iruzurrean agerian geratu zirenak.

  • Lan harremanak eta lan baldintzak ez dira aztertzen, eta hori funtsezko arazoa da, baita profesionalen falta azaltzen duten arrazoi nagusietako bat ere; bereziki, Osakidetzak pairatzen duen behin-behinekotasun handia.

  • Ez zaio heltzen osasun pribatuaren gorakadari eta herritarrek osasun arreta jasotzeko duten aukera desorekatuari. Osasun zerbitzuen pribatizazioa ere ez du aztertzen.

  • Ez da aztertzen Osakidetzak zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaintzeko duen gaitasuna eta herritarren hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa.

ELAren iritziz, aztertu ez diren elementu guztiek eta osasun inbertsioari buruzko desitxuratze estatistikoak agerian uzten dute azterketa partziala egin dutela. Sindikatuak dio helburua argia dela: Osakidetzak herritarrei eskainiko dien arreta aldatuko ez duten proposamenak egitea, besterik ez.

Gauzak horrela, ELAk berretsi du une honetan Osakidetza defendatzeko modurik eraginkorrena eztabaida soziala bultzatzea eta gizartea antolatzea dela, “egungo osasun kaosa eragin duten eragileak estu hartzeko”.