Osasun mentaleko sareak desegiteko proiektuari buruzko informazioa eta gardentasuna exijitu dizkio ELAk Osakidetzari
 
                
              Osasuneko Mahai Sektorialaren bilera dela eta, ELAk elkarretaratzea egin du gaur Osakidetzaren egoitzaren aurrean, Osasun Mentaleko Sareak desegiteko proiektua salatzeko. ELAk, arreta-eremu horretako langileekin batera, salatu du prozesu ilun baten aurrean gaudela, plantillaren eta Mahai Sektorialaren parte-hartzerik gabe egiten ari dena. Azpimarratu behar dugu Mahai Sektoriala dela negoziazio-eremu legitimoa.
Proiektu hori Osasun Itunean garatu da. Osakidetzak hartu bide duen erabakiak, plantillaren lan-baldintzak arriskuan jartzeaz gain, lanpostuak arriskuan jartzen ditu eta pribatizazio posibleei ateak irekitzen dizkie, eta horrek eragin negatiboa du ere herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatean. ELAk duela aste batzuk salatu zuen Lehen Arretan espezialitaterik gabeko psikologoak sartzea osasun mentaleko sareek jasaten duten benetako errealitatea makilatu nahi duen neurri estetiko bat baino ez dela: psikiatra, psikologo kliniko eta osasun mentalean espezializatuta dauden erizainen falta, eta, besteak beste, Arabako Ospitale Psikiatrikoko TCAEk grebara eraman dituzten lan-karga handiak.
ELAk proiektuari buruzko informazio zehatza eskatu du gaurko bileran, bai eta horrek plantillan eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzian izango duen eraginari buruzkoa ere.
Gaurko bileran jorratutako hainbat gairen artean, Osakidetzak 2025erako birjarpen-tasa onartzea planteatu du. ELAk duela hilabete batzuk berariaz eskatu zion Osakidetzari 2023rako Estatuko Aurrekontu Legean (prorrogan dago legea) jasotako tasa espezifikoa aplikatzeko. Lege horrek behin-behinekotasun tasa %8an kokatzeko tasa gehigarri bat eskaintzeko baimena ematen die administrazio publikoei. Osakidetzak gaur onartutako tasan ez da sartzen tasa gehigarri hori; izan ere, Osasun Sailak propaganda egin arren hurrengo EPEan eskaini beharreko plaza kopuruarekin, behin-behinekotasun tasa Iceta Legeak eskatutako %8tik oso urrun geratuko da. Gogoratu behar da, gaur egun, behin-behinekotasun tasa %50etik gorakoa dela Osakidetza eta 27.000 langileri eragiten diela.
ELAk gardentasuna eta negoziazioan benetako aurrerapenak eskatu dizkio Osakidetzari, langileen lan-baldintzak berehala hobetzeko. Ertzaintzan edo Hezkuntzan lortutako akordioek erakusten dute, borondatea izanez gero, hobekuntzak egin daitezkeela soldatetan, enpleguan eta gainerako gaietan.
